Txokolatea eta txurroak… zapore mikatzeko kontuak
Mokofinak omen gara Euskal Herrian, jatun onak eta gozozale samarrak, Donostian. Fama hori dugu bertan, baita kanpoan ere, antza; azken hamarkadan hala hauspotu da, turisten gozamenerako den gazta tarta delakoaren bidez. Azken mende erdian, Donostiako gozo denden gainbehera nabarmena izan da. Historia luzeko hainbat pastel denda banan-banan ixten joan dira eta, haiekin batera, gozogintza eskaintza oparo bezain askotarikoa desagertu da, baita horren ordez eskaintza homogeneizatu ere. Duela hogei urte inor gutxik ezagutzen zuen gazta tarta ageri zaigu errege, taberna barretatik pintxoak uxatuz eta produktu bakarreko negozio bilakatuta. Ikasle pisuetako beste gazta tarta hura, gaileta oinarria eta marrubi marmelada duen postre merke eta erraza, kasik desagertu da.
Gozo munduan, estuki lotua ageri da Donostia gozogintzaren eremuan osagai ezinbesteko den txokolatearen historiarekin. Venezuelako berriak pil-pilean ditugu egunotan eta txokolatearen historiak bertara garamatza, halabeharrez. Kolonizazio garaian, espainiarren eskutik deskubritu zuten kakao alea europarrek. XVIII. mendean, Peñafloridako kondearen gidaritzapean, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak kakaoaren komertzioaren monopolioa eskuratu zuen. Venezuelatik Europarako bidea Donostian egoitza nagusia zuen merkataritza konpainiak bermatu zuen hainbat urtez. Aztekentzat jainkoen jaki mikatz punttukoa azukretan blaitu eta, Espainiako gortean ez ezik, Europakoetan gero eta preziatuagoa bilakatu zen txokolatearen salerosketari esker dirutza metatu zuten. Kakaoaren prezioa Suitzan ezarri eta aberasteko makina galanta bihurtu da, egun.
«Txokolate eta txurroak laster ‘food truck’ kontua besterik ez ote dira izango, San Tomas eguneko taloen antzera, kalean zutik gozatu baino, irensten den jakia?»
Ordutik, Gipuzkoako hainbat herri, Oñati, Mendaro zein Irun ere txokolatearen ekoizpenarekin estuki lotuta ditugu, baita Tolosa ere. Donostiatik 50 kilometro eskasetara dagoen Baionak bere burua txokolatearen hiriburutzat du. Diotenez, Errege-Erregina Katolikoek Espainia eraikitze bidean kanporatu zituzten juduak bertan finkatzearekin garatu omen zen Aturriko ibaiertzean gozo hura sortzeko maisutza. Hala, Baionako karriketan txokolate fabrika txiki zenbait sortu ziren, hainbat XIX. mendeaz geroztik martxan direnak.
Donostian, fortuna zaharreko familien historiaz gain, orduko aztarna gutxi geratzen dira egun. Amaran kale bat eta pixkanaka bakantzen joan diren txokolategiak, desagertzeraino. Egun urre beltza petrolioa bada ere, iraganean besterik zen. Kakaoa konpainiaren produktu izarra bai, baina ez inondik inora atlantikoa zeharkatu zuen bakarra: kakaoaz gain, tabakoa, anila eta Afrikatik Hego Ameriketarako esklabo salerosketan jardun ziren merkatari familia handiak. Euskaraz, mizkina gozozalea da, baina baita zikoitza ere…
Joerak ziklikoak omen, modak bezala. Haurtzaro garaiko gozotegia, kafetegia eta txokolategiak itxi eta arropa denda kateek edo tabernek hartu zuten haien lekua. Azken urteotan, okindegi-kafetegi formula ugaritu egin da. Txokolate eta txurroak laster food truck kontua besterik ez ote dira izango, San Tomas eguneko taloen antzera, kalean zutik gozatu baino, irensten den jakia?
