Txuri-urdinez margotutako datak
2019ko maiatzaren 11. Egun horretan ikusi nuen lehenengo aldiz Reala maila gorenean titulu bat irabazten, eta Reala esaten dudanean ez naiz emakumezkoen taldeaz soilik ari. 1988an jaio nintzen, eta 30 urte pasatu nituen Realak ligak eta kopa irabazi zituela entzuten, baina halako zerbait ospatzeko aukera gutxirekin, 2019ko maiatza iritsi zen arte. Eta hara non, emakumezkoen taldea izan zen horrelako gertakari bat lehen aldiz bizitzeko aukera eman zidana.
Geroztik, beste data bat gehitu da zerrendan, baina Granadakoa beti izango da lehena niretzat. Partida hartan gertatutakoa ez genuen asko espero bertaratu ginenok, eta Z7 taldean askotan aipatzen dugu gure bizitzako hogei minutu luzeenak bizitu genituela Nahikarik gola sartu zuenetik epaileak partida amaiera adierazi zuen arte. Sufrimenduak amaiera bikaina izan zuen, eta larunbat honetan berriz ere halako zerbait bizitzeko aukera paregabea dugu.
Oraingo honetan, gutxienez, ez dugu penintsularen beste muturreraino joan beharko, gauza zentzugabe gehiegi egiten dituen federazioak behingoz zentzuz jokatu eta bi taldeentzat erosoa den kokapen bat aukeratu baitu final handirako. Romaredak, gainera, badu bere lotura berezia Realarekin eta koparekin, eta horrek oraindik bereziagoa egingo du txuri-urdinontzat bertan halako partida bizitu ahal izateak, izan lehenengo edo bigarren aldiz.
Finalera joango ginela jakin genuen momentutik gure lagun taldean ideia bakarra dabil bueltaka: jokalariak bukaeraraino animatzea
Guztiok gara kontziente aurrean izango duen aurkaria zein den eta zein mailatan dagoen, eta planetak lerrokatzea baino zerbait gehiago beharko dela Realak partida irabazi dezan. Baina realzaleon lana ez da futbol analista arrazionalak izatea, eta partida bakarrean edozer gerta daiteke. Galdetu bestela duela bost urte zuri-gorriz jokatzen zutenei, haiek ere ez baitzuten espero partida hura galtzea.
Gure tifoan esaldi bat agertzen da: Beti egongo gara zuekin. Eta finalera joango ginela jakin genuen momentutik gure lagun taldean ideia bakarra dabil bueltaka: jokalariak bukaeraraino animatzea. Ilusioz gainezka goaz, Realak galtzeko ezer gutxi eta irabazteko asko duela badakigulako. Ziur gaude neskek dena emango dutela zelaian, eta partidaren emaitzaz haratago, beraietaz harro egongo garela epaileak azken txistua jotzen duenean. Emakume hauek desafio gogorrenei aurre egiteko gai direla erakutsi dute, eta gure konfiantza guztia merezi dute erronka zail eta ilusionagarri honen aurrean. Eta nork daki, agian Reala titulu bat irabazten ikusten dugun azken data berria izango dugu asteburua bukatu aurretik: 2024ko maiatzaren 18a.