Uda berriak
Dagoeneko sartu gara berriz ere udaberrian, baina ez da erraza eguraldi onaren, txorien eta loreen festarekin bat egitea; iaz estreinatu genuen errealitate distopiko honek amaigabea dirudi, eta argi apur bat ikusten hasi garela uste dugun bakoitzean, kutsatze datuek okerrera egiten dute, neurri murriztaileak itzultzen direlarik. Eta horrela gabiltza etenik gabe, bueltaka, orain erlaxatu, orain berriro konfinatu, apur bat ireki, berriro itxi, bizitzak esku artetik ihes egiten digun artean.
Nekea nabaria da, oraindik gehiago agintariek hartzen dituzten erabakiak kontraesankorrak eta zentzugabeak direla sentitzen dugunean; esate baterako, txertoen prozesu aldrebesa ikustean edota beste herri batean bizi diren gurasoak hilabeetetan ikusi gabe ditugula atzerritik turistak kalean topatzen ditugunean.
Halakoetan tristura eta haserrea pilatzen zaizkigu barnean, eta neurriak gu geu zein ingurukoak babesteko direla gogorarazi behar diogu gure buruari, egoera jasangaitz eta astun honek akaba ez gaitzan.
Aurrera egin ezin horren gurpilean murgilduta harrapatu nau haurdunaldiak niri. Bederatzi hilabeteko esperientzia zeharo surrealista izan da; telefono bidezko zita medikuak, ekografien bakardadea, hauskortasun eta desinformazio sentsazioa… orain, erditzearen abenturaren zain aurkitzen naizen honetan, pandemian erditu diren emakumeen esperientziak biltzen eta haien bizipenak entzuten aritu naiz, ahizpatasuna inoiz baino beharrezkoagoa sentitu baitut.
Denek diote gauza bera; alde batetik administrazioaren erabaki absurdoak; maskararekin erditu beharra; haurdunari PCR-a bai baina bikotekideari ez egitea; positibo emanda bakarrik erditu beharraren beldurra; bainerarik erabiltzeko aukerarik ez izatea… eta bestetik, osasun langileen laguntza eta babesa, zaurgarrien zauden une horretan indarra eta gertutasuna erakutsiz. Ikusteke dago zer nolako esperientzia bizitzea egokituko zaidan niri, baina espero dut errealitate distopiko eta gris hau noizbait amaituko zaigula, uda berriei ganorazko ongi etorria eman diezaiegun.