Udako loriak
Udari jada ostu
diogunez puska
kopla artean kantari dator
iritzien uzta:
Gogoan Sebastianek
duen abestia
ziur al gaude bakarra dela
gure Donostia?
Beste askoren gisan
paraje ederra
bertakoentzat bilakatu da
irauteko gerra.
«Toldero» kamisetei
begira lehenbizi,
hondartzan ere ezin al dugu
ba euskaraz bizi?
Gurean egitea
ez dago erraz han
«ura» eskatuta «what?» bat erantzun
didate terrazan.
Parekidetasuna
nahi genuke denok
burla egiten digu ordea
«baietz gabe es no»-k
Kanpokoa laudatuz
mila keinu harroz
azkenerako bihurtu gara
gure etxean arrotz.
Opor-negozioak
ere gauzka grabe
turistak pisu denetan eta
gu etxerik gabe.
Non da turismo horrek
dakarren dirua?
Soldata baino altuagoa
da alokairua!
Itxiera bakoitza
ez al dugu luto?
Martxa honetan denda txikirik
ez da geratuko.
Honezkero gainditu
diren arren mugak
oraindik askok nahi dugu beste
hiri eredu bat.
Barre egitea behintzat
dugunez debalde
umorez egin dezagun hiri
bizi baten alde.
«Quisiera ser alcalde
Donostiakua»
hiru hondartzak Donostiarrentzat
litzake tratua.
Hiri berdinzale bat
nahi dugu lehenbailehen
Kontxa garbitzen jarriko dugu
Mr. Woody Allen.
Piraton bizilege
denez atakea
abordatzeko eskura dugu
Kontxako yatea.
Bakarrik aritzeak
grazirik ez dauka…
Talde giroan jarrai dezagun
haritik tiraka!
Doinua:
Quisiera ser alcalde Donostiakua