Udal gobernuak Ekialdeko Barrutia izoztu du
Aurreko astean, Donostiako Udalak ezohiko udalbatzarra egin zuen, 2026ko udal aurrekontuen kredituak egokitzeko. Diru sail batzuk geldituko dituzte beste batzuk handitzeko. Alkateak esanda, badirudi «lehentasunezko» gai batzuei erantzun behar diela. Horrek eragingo du aurreikusita eta zain zeuden beste diru sail batzuk etetea, alkatearen hitzetan, «horrek ez omen du esan nahi proiektu horiek bazterrean geratuko direnik».
Bertan, Ogasuneko zinegotziak ez zuen aipatu Ekialdeko Barrutiko diru sailak izoztuko dituztenik, 2023tik egin gabe dauden hainbat ekimen geldiarazita: Barrutiaren diruetatik 1.870.000 euro blokeatu ditu udal gobernuak, Barrutiko Batzarrak erabakitako esku hartzeetatik, baita Aurrekontu Parte Hartzaileetatik ere, 2025eko aurrekontutik ia %50a eta 2026kotik %68a inguru.
Udal gobernuari ez zaio aipagarri ezta deigarri egin ere, gauzatu gabe egotea egitasmo horiek azken bi, hiru urteotan. Larria da jarduera horiek, direnak direla, oraindik egin ez izana. Donostiako alkate Insaustik eta bere koalizio gobernuak eraginkortasun gabeziara kondenatu dute Ekialdeko Barrutia.
Are larriagoa da Barrutiaren diru sailak blokeatzeko erabakia hartu izana Batzarrari kontsultatu eta jakinarazi gabe. Udal gobernuak Barrutia aintzat hartzen ez duenaren seinale.
«’Lehengo lepotik burua’, kudeaketa ereduak, tamalez, berdinak dira […]. Alkateak hobekuntza hitzeman zuen, baina okertzea besterik ez dugu nabaritu»
Egin gabe dauden ekimen horien zehaztasuna eskuratzen badugu, gerta daiteke ohartzea ez direla gauzatu ustez abian ziren hainbat. Hori guztia larria da, erakusten baitu Barrutiaren jarduerak ez duela eragin zuzenik, eta ez politikariak, ezta udal sailak ere ez direla inplikatzen Ekialdeko Barrutiko Batzarrak onartutakoak egin daitezen.
Insausti alkate hasiberriak agerraldia egin zuen Batzarrak eskatuta, eta adierazi zuen ordurarteko ereduarekin jarraitzeko asmoa zuela, Barrutiko elkarteek kritika zorrotza egin arren.
Ez da lehen aldia EAJ-PSEren udal gobernuak zapuztu nahi izan dituena Ekialdeko Barrutiaren diru sailak. Eneko Goia alkateak 2019ko eta 2020ko diru sailak (1,5 milioi euro) blokeatu zituen. Batzarrak emandako erantzun tinko eta azkarrari esker, erabaki inposatzaile hura bertan behera geratu zen.
«Lehengo lepotik burua», kudeaketa ereduak, tamalez, berdinak dira, ez dute Batzarra aintzat hartzen, eta Barrutiaren kalterako dira. Alkateak hobekuntza hitzeman zuen, baina okertzea besterik ez dugu nabaritu.
Ez diru sailak soilik, Barrutiaren jarduera bera ere izoztu dute, jarduerarik gabe utziz.

