Udaltzainak eta pilotuak
Udaltzaingo izateko hautaketa prozesu batean euskararen ezagutza eskatzea diskriminatzailea dela ebatzi du epaile batek. Eta arrazoi du.
Kontua da albistea irakurri nuenean, pentsatu nuela ni ere has nintekeela lan bila. Zergatik ez? Umetatik izan dut hegazkin pilotua izateko ametsa. Eta ez naiz bereziki abila Internet erabiltzen, baina aurkitu nuen nire ametsa betetzeko aukera ematen zidan lan eskaintza: Ryanair konpainiak pilotuak behar omen ditu Poloniako filialean.
Bada, pilotuek erabiltzen dituzten txapelak erosten hasi aurretik lan eskaintzaren eskakizunen estekan sartu eta, hara! Hegazkinak pilotatzen jakitea eskatzen zidaten. Diskriminatua sentitzen nintzela esan nion, haserre, nire ondokoari.
—Baina pilotu izateko garrantzitsua da pilotatzen jakitea—, erantzun zidan, zerbait agerikoa esaten ari denak erantzuten duen moduan.
Aaaaah!
Bada, orduan, jar dezagun eztabaida dagokion lekuan.
Kontua ez da udaltzain izateko euskara eskatzea diskriminatzailea den ala ez, kontua da udaltzain izateko euskara jakitea garrantzitsua den ala ez.
Edo beste modu batera esanda, hizkuntza koofizial batean bizitzeko dudan nire eskubidea udaltzainak hizkuntza hori jakiteko duen derrigortasun ezaren azpitik ala gainetik jartzen den.
Nik garbi daukat erantzuna, zuek ere bai, ezta?