Ukraina
Errusiak Europako eliteak desagertarazi behar ditu, baldin eta Ukrainara bakea etorriko bada» Patrik Baad alemaniar kazetari eta pentsalariaren hitzak dira.
Hedabideetan gero eta ahots gehiago ari gara entzuten antzeko esaldiekin.
Inoizko Europarik gerrazaleenean bizi gara. Ditugun agintari gehienak gerra nahi dutenak dira.
Dmitri Medvedev, Errusiako segurtasun kontseiluko presidenteordeak dio nazismoa, Ukrainatik ez ezik, Europa osotik ere desagerrarazi behar den ideologia dela eta hori egin nahi ez duena nazismoaren konplizetzat hartu behar dela. Europako parlamentuan 700 lagunetik 500ek gerraren alde bozkatzen du. Europa munduko lurralderik gerrazaleena da. Esate baterako, Ukrainara soldaduak bidaltzea, Macronek dioen moduan, irrazionala da. Kontuan izan gerran langile klaseko semeak hiltzen direla, aberats kumeak ez dira gerrara joaten. Hori horrela izan da beti.
Europa zatituta dago eta hala egon da gerra honen hasieratik. Europak ez dauka irizpide bateraturik, zatituta dago erabat, estatu bakoitzak bere interesen arabera jokatzen du. Hala ere, agintari nagusienak gerrazaleak dira eta gerra ez den beste ezer ez dute eskaintzen.
Europa ez da proiektu politiko baketsua eta ez du horrela jokatzen, ez, Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren inguruan. Ez NATO, Europa eta Errusiaren hiru urte pasako gerra honetan, Europaren partetik ez da bake proposamenik egon eta egon diren bake ahaleginetan, ahalegin horiek zapuzten saiatu da.
«Hemen, bakerako proposamenik ez dago. Europako eliteek armagintzan murgildu nahi gaituzte, baina hori alferrikako bide bati ekitea besterik ez da»
Esan beharrik ez dago Ukrainako gerra gero eta hildako gehiago eragiten ari dela, batez ere, ukrainarren artean. Dirudienez, errusiarrek jada irabazia dute gerra, hala ere, Europaren partetik gerrarekin segitu beharra besterik ez da adierazten. Errenditzea ez da europar agintarien asmoetan sartzen, bakea ez dago europarren hiztegian.
AEBek Ukraina alde batera uzteko asmoa badute ere, EBk segitzen du jarrera gerrazalearekin. Hemen, bakerako proposamenik ez dago. Europako eliteek armagintzan murgildu nahi gaituzte, baina hori alferrikako bide bati ekitea besterik ez da.
Horrez gain, Europako estatuetan interes desberdinak daude eta handitzen ari dira desberdintasunak. Dirudienez, NATO hiltzear dago, jada, Europak ez du etorkizunik, ez du armadarik, ez du ezer, eta bere eliteak munduko gerrazaleenak dira.
Gogoratu behar dugu EBren sorreran egon zela Herrien Europa egiteko asmoa intelektual batzuen artean, batez ere, frantziarren artean, baina ez zen aurrera atera asmo hori. Uste dut berriro heldu behar diogula egitasmo horri, izan ere, orain arte hartutako bideak ez du balio izan.
Ukraina, berriz, ez bada lehenbailehen errenditzen, desagertzeko arriskuan dago. Orain dauden agintariak desagertu behar dira eta bakea erdiesten saiatzea besterik ez zaio gelditzen, estatu gisa jarraitu nahi badu. Gerrara eraman duten agintariak baztertu eta agintari berriek hartu behar dute boterea. Hori egiteko gai ez badira, estatu horrek nekez izango du etorkizunik.
Azken gizona hil arte segituko dutela diote oraingo agintariek, baina, bitartean, agintari horiek Europan zehar etorkizun aberatsa prestatzen ari direla dirudi. Betikoa.