Unai Elizasu: '33 aste'
Azaroaren 18an hasi zen dena. Bueno, hasi baino, egun hortan eman genion oporraldiei amaiera. Armairuan, hilabete eta erdiz gorderik utzitako arropak, gorderik genuen motxilan sartu, gogortuak zeuden zapatillekin batera. Han agertu ginen, hilabete eta erdiz elkar ikusi gabeko lagunak, adiskideak. Hilabete eta erdiz, zenbat aldatzen den norbere fisionomia. Irailaren hasieratan, azal ta hezur geunden. Azaroaren erdialdean berriz, azal, hezur, gantz eta… izozkailutik irten berri den edozein jaki bezela, gogor eta mugimendu bakoitzean, krisk eta krask.
Aldagelan ere, bizitzan bezalaxe, aldatuz joan ziren arpegikerak. Norbere egunerokoak eragindako nekeak eta pozak, aldagelatako paretetan zintzilikatu eta, egun horri zegokion arropa jartzearekin batera, egokitzen genuen gure jarrera ere.
Arpegiak ere, hasieran gehiago ziren orain baino. Aldageletako aulkietan, hasiera haietan, ez zen izaten non aldatzeko lekurik. Beteranoak, adinari dagokion errespetuagatik edo, lekua mantendu egiten zitzaigun. Nahiz eta, zenbaitek esan ohi duten bezela “egungo gaztiak!”, gutxi axola beterania, errespetu eta adina. Eta, ederki iruditzen zait gainera!!
Asteak aurrera joan ahala, leku gehiago izaten genuen aldagelan. Jendeak, arrazoi ezberdinak tarteko, etortzeari uzten zion. Ez dakit, indarsuenak ote diren eusten diotenak. Ahultasun kontua ere ez da, bertan ez irautearen arrazoia. Darwinen legeak, hainbeste hari mutur ditu… Arrazoiak arrazoi, selekzio natural bat ere gertatzen da aldageletako lau paretetan. Egoerara ondoen moldatzen direnak. Unea bakoitzean, ondoen erantzuten dutenak. Eraginkorrak, burugogorrak eta gogorrak diren horiek, darraigu aldageletan.
Finean, aldageletan badelako, bertako oxigenoa arnastera garamatzan zeozer. Urte luzeetan, aldagela ezberdinetan egon izanak, ematen du oxigenoaren kalitateaz jabetzeko gaitasunik.
Gogoan dut, ilusiorik gabeko oxigeno urte hura (ilusio gabe eta oxigeno, kontraesana direla jakitun naiz); gogoan ditut, ximaur usaieko arnasaldi haiek. Gogoan ditut, kopeta beltzez irauten genitueneko urteak. Itota pasatako urteak, arnasestuka… arnasa hartzen hutsa, kostatako lan izaten zirenekoak.
33 aste hauetan baina, inoiz sentitu ez dudan atmosfera bat da gurean. Bueno, 33 aste eta azken urteetan, ondo ereindako hazitik sortutako zuhaitzak, ematen digu halako oxigeno berezi bat. Aspaldian arnasatu ez nuen oxigenoa. 33 asteetan, zuhaitz honek izan ditu bere negu, udazken eta udaberri. Baina, une oro mantendu du, bizirik eta indarsu egon nahi dugunontzako oxigeno hori. Eta horregatik gaude, nago, oxigeno honi helduta.
33 aste. Hasi dira, udaberrian sortutako lore horiek fruitua ematen. 33 astez, bilduta izan dira fruituok. Babestuak, mimatuak. 33 asteetan, ondo ondu arte. Zer ginake gu, babes hori gabe? Babes hori gabe, iadanik lurrean ginake, eroriak, ximelduak, txartuak… 33 aste hauetan, jasotako babes horri esker, ondu gara. On egiten digu babes hori, ondu egiten gaitu. Kotoiz eta urrez babestuta ondu gara. 13 aste ditugu aurretik. 13 asteko, udaberria.