Unai Elizasu: 'Bi mila eta hamasegi'
Ni ere, zubiari begira egon nintzen. Ditxosozko zubiari so. Eta zubi bazterretan jarritako pantaila handietan ere, ikuskizunari begira egon nintzen. Bueno, ikusi nuen, errealizadore batzuk irakutsi nahi izan zuten hori. Jakin nahiko nuke, ikuskizunaren sortzaileak zenbateraino adierazi zien kamara eta errealizatzaileei, zer, noiz eta nola azaltzea nahi zuen ikuskizuna, pantaila handian (eta txikian)?
Eta ikusi nuen jendea, ikuskizunaren aurretik, Donostiako kaleetan gora eta behera, aparkatzeko lekurik ez zela zorabioan (neu behintzat, bai)… ikusi nuen jendea, leku ona zein ote zen imaginatu nahiean… ikusi nuen, aurrera eta atzera, ezker eta eskubi, hemen ez eta han bai…
Eta, ikusi nuen jendea ikuskizuna noiz bukatuko ote zen imaginatu ezinda. Batzuk bazijoazen, besteak, joan edo ez joan erabaki ezinik… Argiak, soinuak… Jendea harrituta, jendea larrituta…
Nere gustuen abanikoan, bertan ikusitakoak ez zuen lekurik. Nire gustatu eta ez gustatu mugen tartean, zubi bueltan gertatutakoa ez daki non kokatu.
Akaso jarrera kontua da, baina badira zenbait gauza, “gustatu eta ez gustatu”ren mugen tartean sartzea ausartzen ez naizela. Ez didate ondo azaldu, edo ez det ondo ulertu. Irakutsi eta ikasi. Eman eta jaso. Berriz diot, akaso jarrera kontua da baina, zalantzan lehenago jarri izaten dut nire ulertze gaitasuna, ikasteko jarrera edo jasotzeko modua.
Besteei errua bota aurretik, nere ulermen gaitasunaren edo ezinaren mugak ezagutu behar ditut. Eta, onartzen dut, ez naizela gauza batzuk ulertzeko gai. Ez ditudala nire sentsazioen almazenean, zapore denak katalogatuak. Nire begiak ez direla dena ikusi eta begiratzeko gai.
Inoiz entzun izan dut, begiak ondo zabaldu behar direla gauzak ikusteko. Baina, zer da ondo zabaldu? Zer da ondo ikusi? Eskolan ez genuen, begiak zabaltzeko klaserik izan.
Tamalez, erantzun sinpleetan oinarritzen den gizartea da gurea. Gustatu zait, edo ez zait gustatu. Polita izan da, edo ez da polita izan. A eta b. B eta a.
Bi mila eta hamasegi urtea da aurtengoa. Bai, bai… Bi mila eta piko ekitaldi izango diren urtean, hamasegi eta segi behar dugulako. Gure barne erantzun abanikoen mugak, zalantzan jarriz. Ikasi behar dugu, mugaren bestea aldean zer dagoen ikusten.
Niri, zubi hartan gertatutakoa, gustatu zitzaidan. Gustatu zitzaidan, nigan sortu zuen sentsazioa. Gustagarriak izan daitezken gauza gehiago egon litezkeenaren sentsazioa izan zen etxera ekarri nuena.
Denak, zubiari begira, zubiari so… baina inor, ohartu al zen, zubipetik, bizi bizirik den erreka bat badela?