Unai Elizasu: 'Desikasiz'
Itxi ditut irekita nituen dokumentu, webgune, artxibo eta delakoak. Itzali ditut sakeleko telefonoko “larolaro”ak.
Kafea katilura bota, eta berotzen duen tramankuluaren uhinekin batera ireki dut orri zuria.
Orri zuria ireki, letra tamaina eta estiloa erabaki eta…
Pertsiana igo dut. Ilunpeak ematen dit lan mekanikorako erosotasuna baina… sortzeko behar dut argia. Argiak, argia dakarkidanaren esperantzan…
Pasa dira nire paretik bi korrikalari. Elkarrekin korrika irtendakoak zirela esango nuke. Nahiz eta elkarren artean dagoen distantzia, metroetan behintzat, hiruzpalau metrokoa zen.
Biak zihoazen, belarrietan musika edo irratia zutela (ez dut uste, belarri zuloak tapatzeko soilik erabiliko dituztenik). Elkarrekin irtengo ziren, baina euren itzalek komunikazio gehiago dutela esango nuke, eurak baino.
Ez naiz sekula halakoak eraman zalea izan. Arraunlari hasi berria nintzen garaian, ia ia debekatu egiten ziguten halakoak eramaten. Gerora, musika jarri izaten genuen inoiz makinari eman eta eman geundenean… bazen, baina, halakoen zalea ez zenik ere.
Ez dut gogoan nork esan zuen baina «nahasketa danak ez dira koktel izaten». Musikarekin korrika egitea, korrika egiteko modu ezberdin bat planteatzen du. Egun, kirola egiteko modua ote da hau.
Aitortuko dizuet. Kontxako estropada izan zen nire azken kirol esfortzu gorena. Geroztik, galtza motzak jarri ezinik nabil. Kosta egiten zait motibazioa topatzea.
Eta jendeak esaten dit: Baina zu, arraunlaria izanda… nola liteke kirolik ez egitea!? Eta erantzuna, galderan dago. Ba bai, arraunlaria naiz. Eta ez kirolaria. Arraunlaria ez baita arraunari tira soilik egiten diona. Arraunlaria da, taldekideekin aldagelan, trainerua jeisten, makinan, pesak eginez… igandeko 9etan, larunbateko lauetan, eguneroko 8etan… hori da arraunlaria.
Arraunlaria da, nahi duenean eta nahi ez duenean, entrenatzera doan hori. Arraunlaria da, gogotxu denean, haserre denean, triste edo pozik… taldekideekin, entrenatzera doan hori. Etxepetik korrika pasa diren horiek, kirolariak dira.
Ni ez naiz kapaza, galtza motxak jantzi eta korrika irteteko. Zertarako irten baina? Zein helburu? Osasuna? Ze osasun eta osasunondo!
Sekula ez badut kirola modu osasuntxuan egin… nola hasiko naiz ba orain, osasunari begira!
Eta bai, inbidia ematen didate Kontxako pasealekutik noala, korrika ikusten ditudan korrikalari danak. Inbidiz ere, belarrietan musika jarri eta ttipi ttapa doazenak. Inbidia ematen didate… baina oraindik, ez naiz kapaza. Oraindik, Kontxako pasealekutik noanero, korrikalarien beste aldean den badia horri begiratzen diot.
Oraindik ere, olatuen eta haizearen norabideari begira egoten naiz. Akaso, nere teilatura harriak boteaz nabil baina… korrika irteten naizenero, arraunlari arropaz irteten naiz; eta ikasi beharko nuke, arropa horrek melankoliaren izerdi tanten usaia duela.
Ikasi beharko dut, korrika egin litekeela ordularia eraman gabe. Ikasi beharko dut, korrika egin litekeela, norberak nahi duen unean bukatu dezakedala jakinda. Ikasi beharko dut…
Ikasteko baina, desikasi beharko du.
Entrenamendu planing berri bat prestatu dut. Lehen egunean, 15 minutu egin behar ditut, korrika lasai-lasai eta musika entzunez.
Inork, inoiz, korrika ikusiko banau, belarrietan musika dudala… kirolari berri baten aurrean egon litezke… baina bitartean, kaxa handi baten bila jarraituko dut… arraunlari arropak gordetzeko kaxa baten bila.