Unai Elizasu: 'E(ra)bakia'
Zein ederrak diren hizkuntzak ematen dizkigun paradoxak. Hitz batek gordetzen duenean, hitz beraren esanahi ezkutua. Zeren, erabaki orok duelako bere ebakia. Erabaki orok, zeozeren etena dakarrelako. Erabaki bat hartzen den unean, bezperak eta biharamunak ezberdinak bihurtzen dituelako.
Zutabe hau idazteko garaian, gaia bera erabakitzen pasatzen dut denbora. Nahi baino gehiago, sarriegi. Eta, izaerak tarteko, gai bakoitzaren atzean egon litekeen ebakia ere presente dut. Niretzako, nire idazteko, esateko moduak, gaiak tratatzeko erak, nireak dira. Nire erabakiz doaz hitzok. Baina, izango dira gaiak, era ezberdinetako ebakiak sortuko dituenak. Ez da nire asmoa ebaki edo zauri sakonik sortzea… baina erabaki bakoitzak du bere argi eta itzala.
Ebaki denek dute, bere eten eta sortze unea. Ebaki denek dute berarekin, betaurrekoak garbitzeko aitzakia bat. Ebaki denek dute, pausuen norabidea berbideratzeko beharra.
Ez naiz orain hemen, nire erabaki guztien zerrenda osatzen hasiko; ez naiz ondo hartutako erabakiak eta oso ondo hartutako erabakien zerrenda egiten hasiko. Oinarrian, erabakiak hartze hutsa, ariketa ontzat jotzen baitut. Baina erabaki bakoitzak sortzen duen ebakien eta ebaki horrek, sor lezakeen sentsazioen jabe izatea, gauza ederra da.
Erabakiak, onak edo oso onak dira. Erabaki zenbaitek, damuaren mamuaren izara zuriak ebakitzen ditu… baina erabakiak, bizi ebakiak dira. Bizi ebakiak, ikusi ez, baina norbere izaeraren osaketarako garrantzia duten erabakien ondorio dira. Gudu zauriak baino interesgarriagoak zaizkit bizi ebakiak.
Eta bai, baditut buruan idazteko gogoa sortzen didaten zenbait gai. Izan dira zutabe bat baino gehiago, bukatu bezala borratu ditudanak. Erabakiak dira, jaio ahalko zaizkidan ebakien ondorioz hartutakoak.
Baina bueno, gaur gaurkoz, ez dut gai hauen inguruan idazteko azalik. Nire erabakia da. Nire ebakia da. Nire azala da.
Sinadura: Unai Elizasu – Gaijart… arraunl… Ba hoixe, Unai Elizasu.