Unai Elizasu: 'Hiru hitz zuri'
Esnatzen naizenero zauzkat. Ortzimuga, oso urrun. Bizkaiko lurrak mendebaldean. Ekialdean, lerro bat. Lerro hori, fina. Lerro fina, horia. Landetako hondarrak marraztuak.
Gosaltzen dudanero zauzkat. Kafea prestatu artean. Zuri begira jarrita. Kafe usaina datorkit. Zuri begira nago. Kafea borborka hasia. Zuri begira nago. Kafea sutik kendu. Eta zuri begira. Ogia, mermelada, kafea. Eta zuri begira. Gaur ze eguraldi? Egun polita dator. Itsasoa bare dago. Euria bai, ez. Itsasoa bare da. Zuri begira nago. Katiluak arraskan utzi. Itsasoa bare dator.
Prestatzera noanero zauzkat. Handia zera oso. Zabala zara oso. Zabalenetan, zeu zabalen. Kamiseta plantxatzera noa. Plantxa eta zu. Parez pare biak. Handia eta txikia. Hotza eta beroa. Ederra eta tresna. Atzoko bakeroekin noa. Zapatilak balkoian dauzkat. Kamiseta plantxatu dut. Lanera irteteko ordua.
Lanera noanero zauzkat. Errepide bazterrean zu. Begirada aurrean, alboan. Lan eremu zauzkat. Gaur portatuko zara. Gaur lagunduko nauzu. Zuregana noa pozik. Zuregana noa gogoz. Lasai zaude gaurkoan.
Lanean nagoenean zauzkat. Ekialdeko haizea dabil. Olatu txikiak altxatuz. Ikasleak pozik olatuetan. Denak guri begira. Ikasleak zurekin jolasean. Ikasleak zurekin ikasten. Ikasleak zuregana gerturatzen. Ondo zainduko zaitugu. Ondo zainduko gaituzu. Arratsaldean berriz nator. Marea goian arratsaldez. Ilargi betea da. Marea biziak hortaz. Ezin zubipetik pasa. Errekan gora goaz. Donostiako basoan barrena. Erreka eta itsasoa. Bat egiten dute. Batu egiten dira. Ederra zaude gaurkoan. Edertu dituzu bazterrak. Lanbroa zurean etzanik. Eta gu, arraunean.
Afaltzen dudanero zauzkat. Patata tortilla mahaian. Paregabea gaurkoa ere. Egunetik egunera, hobea. Egunetik egunera, niago. Egunetik egunera, geuago. Eta itsasoa hor. Ontzi asko gaurkoan.
Argi txikia brankan. Herri bat bailitzan. Ontziak, zurean dilindan. Zertan ote dabiltz? Ordu txikiak arte? Izarrak igerian dakite? ontziak zeruan zintzilikatuak? Ortzimugarik gabeko zeru. Ortzimugarik gabeko itsaso. Izarrak goian, behean. Argazkirik ezin atera. Flasharen indarra exkara. Argazki baterako ederra. Ederregia delako akaso? Ederregia delako, ezin.
Esnatzen naizenero zauzkat. Zer da hau! Zergatik zara hain… Zergatik zara horren… zergatik hain, horren…maiteminduta nauka berak. Olatuen aparrak, irripar. Haizearen eufadak, arnas. Kresalaren ikutuak, ukitu. Itsasoaren bizia, taupada. Itsasoaren bihotza, haize.
Hiru hitz zuri. Hiru hitzetan zuri. Hiru hitzetan dena. Dena, hiru hitzetan. Gehiago alperrik delako. Nahikoak dira hiru. Nahikoak gara hiru. Bat eta bat. Ni, zu eta…