Unai Elizasu: 'Platanitoa'
Traineru berriaren forma, platanitoarena omen da. Ez dakit nori okurritu ote zitzaion platanito izena, baina fruta gutxi jandako baten ahotik sortutakoa dala esango nuke.
Donostiarrakeko arraunlariok, aste honetan probatu ahalko dugu fibrazko fruta ontzi hau. Teknikoki dituen ezaugarriak azaltzeko ez naiz artikulu hau idazten jarri; baina udako estropada denboraldia hasi dala probestuz, naranja zuku bat ordenagailu ondoan dudala, arraun denboraldiaren mazedonia bat egitea pentsatu dut.
Larunbata honetan izango da taldearen eta traineru berriaren aurkezpena. Ume txikia zapatila berriekin bezela gaude traineru berriarekin. Are gehiago, lehen estropadan, ziabogekin izandako arazoak tarteko, platanitoaren ezaugarri nagusiena, ziabogak azkarragoak ematen dituena baita. Datozen asteetako estropadetan ikusiko dugu kapazak ote garen platanito honi zukua ateratzen.
Denboraldiaren unerik ederrenean gaude. Estropada garaia. Urrian hasi ginen entrenatzen. Aurreko urtetik baja eta ausentzia asko izan ditugu (bajak eta ausentziak, bereizi egiten ditut nik); hala ere, ederki zukutu gara negu eta udaberrian zehar. Badaramazkit urte dexente arraunean eta sekula ez dut horren neguko lan onik egin. Lan ona, eta giroa, ezin hobea. Entrenamendu gogorrenari ere, umorez ekin diogu. Eguraldi traketsenak ere ez digu entrenatzeko gogorik itzaldu. Ez gara gure fruta arboletik erori denboraldian zehar. Gozatu egin dut.
Manolo, Migeltxo, Alberto, Fermin (eta ezkutuan dauden beste hainbat eta hainbat)… gure kirol menu eta motxila bete erropa zikin eta izerditsurekin etxeratu ez arren, euren lana bada txapela kentzekoa. Gure ondoan izan ditugu entrenamendu guztietan. Eta ondoan ez genituenean, guretzako lanean ari ziren, Donostiarrak arraun taldearen proiektua sendotuz. Finean, guk arraun egitea maite dugu, gustoko dugu…baina eurak, lehorretik eta ezkutuan, lanean dabiltza. Eurak egiten duten lan oro, urre da; esker mila, bene benetan.
Lurra sortu eta ereiten digutenak dira Manolo, Migeltxo, Alberto, Fermin eta besteak… gu fruitu onak ote garen denboraldiak eta denborak esango du, baina neguan euren lanaren babesean ondu gara; eta orain, zukutzera gatoz.