Uniformearen itzala
Euria ari du eta kaleak erdi hutsik daude. Pandemiak ekarri zuen egoera etorri zait gogora. Donostiako Parte Zaharrean ari gara paseatzen eta beltzez jantzitako gizon bat dator aurrez aurre gugana. Pertsona handia da eta sendoa. Robocop gisara doa oinez. Kiroldegian ordu asko pasatzen dituen horietakoa dirudi. Arretaz begiratu gaitu, baina aurrera jarraitu du. Ez du gugan interesik. Baina argi dago norbaiten bila ari dela, ari direla. Alerta sentsazioa sartu zait gorputzean, eta pilotakada hotsak entzuten hasi gara. Oihuak, korrika hotsak. Gehiegikeriak.
Donostian, azkenaldian, gero eta gehiago entzuten da hitz hau: segurtasuna. Eta, hobeto esanda, segurtasun falta. Albisteetan, udaleko diskurtsoetan, auzoetako solasetan. Eta, sarritan, erantzuna bera izaten da: polizia gehiago, kontrol gehiago, kamera gehiago. Hiri seguru baterako bidea hori balitz bezala. Segurtasun falta kolektibo berdinei botatzen diete bizkarrean. Hori da eskuin muturrak jarri duen markoa, jarrera erreakzionarioak sustatzen dituena. Ez dira gutxi diskurtso hori erosi eta bere egin dutenak… denon kaltetan.
Baina, nire esperientziatik, eta nire inguruko askorenetik, segurtasuna ez da horrela sentitzen. Izan ere, badira gorputz batzuk Poliziaren presentzia ikustean lasaitu beharrean uzkurtu egiten direnak. Darabilzun hizkuntza aitzakia moduan hartuta oldartzeko arrazoia aurkitzen dutenak. Gaztea izateagatik, emakume izateagatik, euskalduna izateagatik… babestu behar gaituen hori horrela ez ikustea. Ez da kasualitatea.
«Ez genuke Poliziaz hitz egin behar, nolako Poliziaz baizik. Behar duguna beste eredu bat da: hurbilagoa, adeitsuagoa, humanoagoa»
Segurtasuna ez baita kontrol kontua. Segurtasuna kaleak bizigarriak izatea da, auzoetan jendea egotea, espazioak partekatuak izatea, zaintza sareak indartzea, prekaritatea murriztea. Segurtasuna da etxera itzultzean beldurrik ez sentitzea, baina baita etxe barruan babestuta egotea ere. Jendeak elkar ezagutzen duen komunitateek segurtasun handiagoa sortzen dute uniformeen presentzia etengabeak baino.
Horregatik, segurtasunaz hitz egitean, agian, ez genuke besterik gabe Poliziaz hitz egin behar, nolako Poliziaz baizik. Behar duguna beste eredu bat da: hurbilagoa, adeitsuagoa, humanoagoa. Herritarrak susmagarri gisa tratatu beharrean, komunitate baten parte gisa ulertzen dituena.
Azken finean, seguru sentiarazten gaituen hiria ez da kontrolpean dagoena. Bizirik dagoena da. Kaleetan jendea duena, auzoetan harremanak sortzen dituena, eta boterearen ordez konfiantza eraikitzen duena.
Euria ari du oraindik. Kaleak erdi hutsik jarraitzen du, anbulantzia hotsak entzuten ditugu, gugana gerturatzen. Eta berriro galdetzen diot neure buruari: zer da, benetan, segurtasuna? Eta, batez ere, zer aldatuta sentituko gara seguru?
