Urbanizazioa eta auzo elkartea
Bi urte baino gehiago dira Añorga Txikin etxe berriak egiteko intentzioa zegoela aipatzen zuten fundamentuzko lehen informazioak jaso genituenetik. Sakoneko azterketa teknikoak alde batera utzita, berehala konturatu ginen lan hauek auzoari zein kalte egingo zioten: aparkatzeko arazoak, auzoan sartu eta ateratzeko trafiko arazoak, populazio dentsitatea, ikastolaren tamaina…
Ahal bezain pronto alkatetzarekin kontaktuan jarri ginen proiektuaren inguruko informazioa eskatzeko. Errealitatea zein zen jakin nahi genuen eta auzoak izan zitzakeen aukerak aztertu. Eneko Goia alkateak azkar hartu gintuen, 2018ko irailean. Bilera horretan pentsatzen genuena baieztatu zen: auzoan proiektu bat martxan jartzeko interesa zuen eraikitzaile bat zegoen, etxebizitzak egiteko interesarekin. Gainera, etxe horiek eraikitzeko eskubidea zuela zirudien, eta horren aurrean guk esateko gutxi.
Proiektuaren tamaina ikusita, auzoko erakunde guztiekin kontaktuan jarri ginen, udalari parte hartze prozesu bat eskatzeko proposatuz, auzoan zer eta nola egin nahi genuen zehazteko. Berehala eskaini zuten bere laguntza Añorga KKE-k, Ikastolako zuzendaritzak, Ikastolako guraso elkarteak, feministek… Helburua, ahalik eta azkarren jendea erne jartzea zen, bueltarik ez zegoenean damurik ez izateko. Eraikitzailean izan nahi genuen, irtenbideak garaiz proposatu, auzoaren muga fisikoak ikusita eraikuntza egin eta gero aukera gabe geratuko ginelako.
Bigarren bilera bat izan genuen guztiok alkatearekin, 2019ko urtarrilaren 14an. Bilera atsegina izan zen, baina gainera etortzen zitzaigunaren inguruko lehen informazioak jaso genituen. Bilera hartan, kezka nagusia mugikortasunari zegokiona zela ikusita, alkateak auzoan mugikortasunaren inguruko ikerketa bat egiteko konpromisoa hartu zuen, proiektu berrian txertatu zitezkeen irtenbideak bilatzeko. Ikastolaren esku geratu zen Hezkuntzako ordezkaritzarekin hitz egitea, beraien beharrak aztertu zitzaten eta hauek udalari jakinarazteko.
Hilabeteak pasatzen ziren eta udalak ez zigun ezer esaten. Galdetu eta erantzuna beti zen berdina: “Horretan ari gara, ez gara ahaztu, baina ez dugu ezer berririk esateko”. Hezkuntzakoekin antzeko zerbait pasa zen: kontaktuan jarri ginenean, berehala etorri ziren egoera aztertzera, baina gero alde batera utzi zuten eta ez zioten inolako lehentasunik eman. Ezer ere ez.
Urte oso bat pasa zen, eta 2020ko urtarrilean, auzoko gazte batzuen bitartez(!), jakin genuen proiektua idatzita zegoela eta baimena eskatu ziotela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari. Eta guk ezer jakin gabe!!! Hamabost egun baino gehiago behar izan genituen proiektua eskuetan izateko; teorian Eusko Jaurlaritzaren webgunean zegoen, baina arazo informatikoak zirela medio ezin zen eskuratu.
Eskuetan genuen! Gure auzoarekin egin nahi zutena azaltzen zuten eta ulertezinak ziren ehunka orri genituen. Baina ez genekien horrekin zer egin behar genuen, eta galdetzen hasi ginen. Gaiaren inguruan jakintza eta interesa zutenei galdetzen.
Ezagutzen genituen hainbat pertsonarekin bildu ginen, proiektuarekiko interesa zutenak eta baita auzoarekiko sentsibilitatea ere. Pixkanaka, dedikazio handiarekin, ordu eta bilera asko eta gero, auzoaren interesen alde berean denbora eta energia jarri duten pertsona zoragarrien lanari esker, proiektua ulertzen joan ginen. Eraikitzailearen ikuspuntua ulertu genuen, hau da, ahalik eta diru gehien atera bete beharreko legeak betez. Udalaren ikuspuntua ulertu genuen ere, proiektu honekin irabazteko asko duelako. Eta noski, proiektu honek hainbeste maite dugun auzoko auzotarrengan izango dituen eragin positibo eta negatiboak aztertzeko aukera izan dugu.
Auzo elkarteak bi eginkizun ikusten zituen besteen gainetik:
1.- Garaiz abisatu: Tarta honen banaketan parte hartzen duten eragile guztiak garaiz abisatu nahi izan ditugu. Auzoan eta bertan bizi garen pertsonengan izango dituen ondorio negatiboen berri eman diegu.
Alderdi politiko guztiekin bildu gara eta informazio guztia pasa diegu. Baita promotorearekin ere; azken hau udalak aurkeztu zigun, bere bila joan gintezen, beraiek lasai uzteko asmoz.
Egia esan, pozik nago, ia mundu guztia ustekabean hartu genuelako. Generaman ikuspegiarekin harrituta zeuden, argi uzten genuelako proiektuak ez zuela inongo momentuan kontuan izan auzotarrengan izango zuen eragina.
2.- Eustea: Gainera etortzen zaizkigun aldaketa negatiboen aurrean euste lan bat egin nahi dugu. Ez dugu posible ikusten aldaketak ekiditea, baina ahal den neurrian eragin negatiboak gutxitu nahi ditugu.
Badirudi, bere egituran izan den aldaketa bat dela medio, Hezkuntzako ordezkaritza azken momentuan mugitu dela. Espero dugu beranduegi ez izatea… Eta orain, zer? Udalak berak hasiera batean eskainitako bilerak ez dira egin. Beraiek esan zuten gai garrantzitsu bat zela, eta bilera ezberdinetan landuko genuela, baina ez da horrela izan. Bitartean, beraiek izan dira proiektuari oniritzia eman dioten lehenak.
Oso ondo! Berriro ere txiki-txikiak sentiarazten gaituzte. Baina Pipi Galtzaluze, Vicky Bikingoa eta zoritxarren aurrean izkutatzen ez diren beste hainbat pertsonaia bezalakoak gara, batzuetan asmatuz, bestetan erratuz, baina merezi dutenagatik borrokatzen dutenak.
Argi daukat pertsona guztiak desberdinak izan arren, denek eskubide berdinak ditugula; bai Aietekoak, Mirakontxakoak edo Añorgakoak. Eta zentzuzkoa dena lortu arte borrokatuko dugu.