Urte berri on!
Iñake Irastorza, aktorea
Urte berri on eta amets on! Badakit urte gogorra datorrela eta errealitate gordinegia dugula ametsetan ibiltzeko. Baina agian horrexegatik inoiz baino beharrezkoagoa dugu amets egitea, bizitza kaxkar hau amets ederrez hornitzea. Ausart gaitezen, egin dezagun aurrera: laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik! Jorratu ditzagun gure ilusioak eta sortu ditzagun berriak. Hasi gaitezen garai ederrago bat sortzen. Zergatik ez? Bestela gureak egin du. Zer gertatzen zaidan? Zehatz mehatz ez dakit. Agian, urtearen hasiera dela eta Eguberri kutsuaren eragina izango da. Baina aitortzen dizuet, aspaldidanik Eguberriak ez didatela grazia handirik egiten. Arrazoi asko eta ezberdinengatik, nahiko jai txatxuak direla esango nuke. Umetako oroitzapenak, ordea, zoragarri politak direla ere esan dezaket. Guraso, anai-arreba, osaba-izeba, lehengusu eta gainerakoak, denok elkarrekin bilduta. Zenbat kontakizun, istorio, bertso, dantza, algara gozo eta turroi. Garai haietan Olentzerok ez zigun oparirik ekartzen. Errege Magoek bai, haiek saiatzen ziren ahal zuten guztia. Gau hura benetan gau magikoa izaten zen. Ohean, tapakien azpian isil-isilik, lorik egin ezinik, begiak indarrez itxi-itxi eginda: haizearen zurrunbiloak, trumoien hotsak, tximisten distirak, zakurren zaunkak, gaueko piztien soinu eta kantak, uraren zurrumurruak…errege gauean dena magiko bihurtzen zen. Emozioz gainezka, nahiko lan izaten genuen gure bihotz txikien taupadak kontrolatzen, lehertuta loak hartzen gintuen arte. Errege goizean, bezperan txukun asko utzitako gure zapatetan aurkitzen genituen opariak. Urtero laranja bat, eskubete mahats pasa eta gero beharrezkoa genuen zerbait. Behin armonika bat ere ekarri zidaten. Zer luxu! Zer poza! Oroitzapen polit hauek, memorian ditut betirako. Gaur egun ere, Eguberritako gauzarik ederrena, zenbait momentutan haurren aurpegietan ikus ditzakegun ilusioz eta emozioz betetako begirada horiek dira, dudarik gabe. Begira, igual hauxe da arrazoia, urtea estreinatzen ari garela eta haurtzaroa gogoratuz, nostalgia apur batek harrapatu nauela. Bai horixe izango da, faltan botatzen dudala umeek amets egiteko duten trebetasuna eta gauza askoren beharrik gabe, mundu magiko eta eder bat imajinatu eta osatzeko ahalmena. Nagusiok, zergatik galtzen ote dugu ahalmen hori? Zergatik itotzen ditugu gure ametsak heldutasunaren izenean? Mundu birtual batean bizi gara, baina amets egiteak beldurtzen gaitu. Nola konplikatzen dugun dena! Izan gaitezen ausartak! Urte berrian amets on!

