Usteltzen hasiak daude ta…
Posible al da ikur eta eraikin faxistei euren esanahia aldatzea memoria historikoa lantzeko helburuarekin? Ala desagerrarazi egin behar ditugu? PSOEk, Geroa Baik eta EH Bilduk Iruñeko Erorien Monumentua «zentzuz eraldatzeko» akordioa erdietsi ostean, eztabaida hau berriro ere mahaigainera ekarri dute, zorionez, elkarte hainbatek. Hainbat talde eta antolakunde atera dira akordio politiko honen aurka, Espainiako Guda Zibileko garaipen faxista omendu eta altxamendu militarraren ikur, ondare eta garaikurra baita Iruñea erdi-erdian dagoen eraikina.
Ikur frankista hauek izugarrizko gaurkotasuna dute, eta iraganeko kontu bat izatetik urrun, faxismoa berpizteko iturri ere izan daitezke. Urrutira joan gabe, pasa den egunean, Ezkaba mendian izan nintzen, eta, nire harridurarako, pintaketa faxistez beteta daude gotorleku barruko eremuak. Faxistek eremu hura eurena dela adierazi, eta ia gurtze leku bat bihurtu dute haientzat.
Iruñera joan gabe, ordea, Donostia ere ez da salbuespena. Gurean ez da eztabaida ireki, kontrara, aspaldi itxi zela esango nuke. Dena den, donostiarrok gure egunerokoan etengabe ikusi behar dugun Urgulleko Kristo frankista onartu dugula ere esango nuke. Memoria ariketa labur bat egitea komeni da, ordea. Pedro Muguruzak zuzendu eta enkargatutako ikurra da hau, Bilboko Bihotz Sakratua bezala, 1939ko garaipen faxista oroitu eta altxatutako militar frankistak omentzeko eraikia. Ezagutzen ez duenarentzat, Valle de los Caídos eginarazi zuen berbera ere izan zen elgoibartarra, eta lehen gobernu frankistako arkitektura zuzendari orokorra, Francoren esanetara.
«Gure Urgull mendian ez du hitz handiz ‘Franco’ jartzen, horren ordez, Kristo bat jarri zigutelako. Baina, funtsean, 39ko garaipenaren omenaldia eta balio falangistak sostengatzen dituen ikurra da»
Kristoaz gain, Polloen ere ikur frankistak baditugu denen begietara, eta La Cumbreren gisako tortura zentroak esanahiez aldatzea posible dela sinetsarazi nahi digute beste batzuek. Akaso Erorien Harana orain Cuelgamuros deitu izanak eragin al du aldaketarik memoria historikoaren ertzetan? Gelditu al dira faxisten omenaldi eta erromesaldiak? Aldatu al da zentzu komunaren pertzepzioa?
Erroman, esaterako, Estadio Olinpikoaren inguruan, bada oraindik ere Mussoliniri gorazarre egiten dion obeliskoa. Ez dira gutxi hara faxismoaren aita gurtu eta omentzera oraindik joaten direnak, gaur egungo koadro faxista berriak hauspotuz eta identitate faxistari bide emanez.
Gure Urgull mendian ez du hitz handiz «Franco» jartzen, horren ordez, Kristo bat jarri zigutelako. Baina, funtsean, 39ko garaipenaren omenaldia eta balio falangistak sostengatzen dituen ikurra da, nahiz eta batzuek Rio de Janeiroko miniatura kutre bat baino ez ikusi. Hor dago, hiria agintzen, milaka hildako, errepresaliatu eta diktadura oso bati apologia egiten dion monumentua.
Oraindik gurean ikusi ez dugun arren, faxista berrien gurtze leku errazak bihurtu daitezke hauek, identitate, nortasun eta liturgia faxista berri bat sortzen ari diren momentu honetan. Eraikin, ikur edota plaka faxistak eraldatu eta beste esanahi bat eman nahi izatea, gustu txarreko txiste txar bat besterik ez da, eta indar korrelazio politikoek ezin du hain garrantzitsua den memoriaren auzi hau inola ere justifikatu. Faxismoa borrokatzeko modu asko daude, eta horietako bat da ikur horiek denak behera botatzea. Gerra galdu zuten horien memoria eta duintasunagatik, eta etorkizuneko indar faxisten gurtze leku berriro inoiz bilaka ez daitezen. Eta, bide batez, egin daitekeen memoria ariketarik duinena hori delako.