‘What is like to be a tourist in Donostia?’
Donostiarra ez den lagunen bat bisitan etortzen denean, bi dira zer erantzun jakin gabe uzten nauten galderak: «Ezagutzen al duzu toki on eta merkeren bat bazkaltzeko?» eta «aizu, eta hau zergatik egin dute?».
Bigarren galdera egin izan didate, esaterako, Santa Klarako argien ikuskizunaren, noriaren edo orain gorria den txu-txu trenaren harira. Donostiarron erantzun estandarra hauxe izan ohi da: «Turistentzat egin dira». Sinplea den erantzun horri, ordea, beste hainbat galdera gehitu dakizkioke. Zergatik egin noria bat turistentzat? Zein da txu-txu trenaren grazia? Zergatik pizten du ilusioa haiengan eta auzo lotsa nigan? Nolakoa da argien ikuskizunak sortzen duen esperientzia estetikoa? Hel liteke turista ez den norbait hiriko zera horiek gozatzera? Galdera horiek guztiek Donostian turista izatearen esperientziaz hitz egitera naramate. Nolakoa da Donostian turista izatea?
Azken horrek, gogoaren filosofian ohikoa den galdera baten tankera du; Thomas Nagelen What is like to be a bat testuarena (1974). Galderak inuzentea dirudi. Ez da, ordea, batere sinplea erantzuten eta kontzientziaren inguruko auzi garrantzitsu bat jartzen du mahai gainean.
Nolakoa da saguzar izatea? Nola jakin nolakoa den saguzar izatea? Saguzarren inguruan, orokorrean, gauza asko jakin dezakegu. Jakin dezakegu ugaztunak direla, gautarrak direla, espeziearen %70a intsektujalea dela, bataz beste 31mm-ko luzera dutela, Chipoptera ordenekoak direla eta termino hori grezierako cheir (χειρ) eta pternon (πτερον)-etik datorrela eta horrek esku-hegal esan nahi duela. Saguzar partikular baten inguruan ere gauza mordoa jakin dezakegu. Adibidez, saguzar partikular hau etxe zahar horretako ganbaran bizi dela, ezkerreko belarrian ebakia duela eta hankatxotik tira egiten badiot txilio bat egiten duela.
Baina, hori guztia eta gehiago jakinda ere, ez nuke ezagutuko nolakoa den saguzar bat izatea. Ostera, saguzar izatea niretzat zer den ezagutuko nuke. Saguzar izatea nolakoa den ezagutzeko, saguzar izatea beste modurik ez dago. Hori da esperientzia kontzienteen berezitasuna: izaera subjektiboa dutela, pribatuak direla eta, beraz, soilik lehenengo pertsonan ezagutu daitezkeela.
Iradokitzen al du horrek ezin garela heldu «what is like to be a tourist in Donostia?» erantzutera? Turisten eta noriaren inguruko ezagutza oro agortuta ere, ezingo dudala ulertu nola sentitzen den turista bat noriaren aurrean? Ezin dela argitu noriaren, argien ikuskizunen eta ulergaitzak zaizkidan zera horien zergatia?
Imajina dezagun auskalo zein organo ezkutu biltzen dela Alderdi Ederreko sotoetan auzi filosofiko horiek jorratzeko. Badela aditu talde bat eta ebatzi duela Nagelen testuko auzia eta, beraz, badakitela «what is like to be a tourist in Donostia?» erantzuten. Donostia turistentzat begiko egiteko formula dute, eta baita maila horretako inbertsioa egin ere. Hipotesi zoroa da hori, baina hala balitz eta Goia jakintsuari edozer galdetzerik bazenu, zer galdetuko zenioke? Boteprontoan, otu zaizkit batzuk: What is like to be a homeless in Donostia? What is like to be an immigrant in Donostia? What is like to be an unemployed in Donostia? What is like to be a pensioner in Donostia?
Ados, Alderdi Ederreko sotoko filosofoena harrikada itzela izan da. Esan behar dut, ordea, are zoroagoa dirudiela, batzuetan, Goia eta bere lan taldea aipatu azken galderak planteatzen irudikatzea.