X2
Lanetatik atera, edo tardeotik etxera iritsi, sofan eseri eta Instagrameko kontua irekitzen dut. Lagunen eta ezagunen irudi eta bideoak kontsumitzen ditut, zigarroa erretzen dudan erritmo bikoitzean, X2, Whatsappeko audioak azkartuta entzuten diren bezala. Azkar. A toda ostia.
Eta, tartean, lagunen (edo ezezagunen) argazkien eta algoritmoen logela berrituen artean, argazkilarien lanak agertzen zaizkit. Plataformaren algoritmoek badakite zer erakutsi: gustuko dudana, miresten dudana eta desiratzen dudana. Eta, horrela, konparazioaren gurpilean sartzen naiz.
Sare sozialen eztabaidara gehituko dut neure burua, eta gaurkoan, zutabe honen lerroak baliatuko ditut azken asteetan buruan daramadan pentsamendu mugituak eta zaratatsuak partekatzeko: nire Instagram kontua argazkiak argitaratzeko eta ezagutarazteko erabiltzen dut; izan ere, argazkilaritza niretzat plazera izan da urte luzez, eta, gaur egun, ogibide (ere) bihurtzea bilatzen dut. Horregatik, nire profila, nire lanaren erakusleiho ere badela esan genezake.
Baina erakusleihoek badute beren tranpa.
«Plataformek gure denbora eta arreta lehiatzen dituzte, eta horretarako diseinatuta daude»
Psikologian aspaldi deskribatu zen konparazio sozialaren mekanismoa: gure burua besteekin neurtzeko joera, eta sare sozialek mekanismo hori etengabe aktibatzen dute, eta, gainera, bertsio editatu eta distiratsuen aurrean jartzen gaituzte. Ez dugu besteon atzeko edo ezkutuko aldea ikusten, ez zalantzak, ez porrotak, ez fakturak. Emaitza baizik. Irudi borobilak.
Bestetik, gero eta gehiago hitz egiten da arreta ekonomiaz: plataformek gure denbora eta arreta lehiatzen dituzte, eta horretarako diseinatuta daude. Zenbat eta denbora gehiago eman pantailaren aurrean, orduan eta handiagoa da haien etekina. Gure nekea, gure konparazioak, gure ezinegonak ere, neurri batean, logika horren parte dira.
Konturatzen naiz baketsuak izan beharko liratekeen orduetan neure burua zigortzen dudala. Atsedenerako diren tarteetan lanean pentsatzen ari naizela: produktibitatean, ikusgarritasunean, presentzian.
Prekaritatea eta sare sozialak elkartzen direnean, zulo ilun bat irekitzen da. Autonomoen eta sortzaileen kasuan, bereziki: zure lana zara zu, eta zu zeu zara marka. Atsedena ere erakutsi behar omen da. Deskonektatzea ere komunikatu.
Eta horrela, lana han eta hemen dago. Pantailan. Buruan. Sofan. Ohean. Deskantsuan. Intimitatean.
Zuri ere, lagun edo ezagun, horrelakorik gertatzen al zaizu?


