Xabier Arzelus: 'Maisuba'
Azken bi hilabeteotan, herri kutsu haundiko ekitaldi asko bizi izan ditugu gure Donostian. Abenduaren erdialdi inguruan hasi eta oraintxe arte festa giroan murgilduta egon gara. Santo Tomas eguna, Olentzeroa, San Sebastian eguna, Kaldereroak, Santa Ageda eguna, inauteriak… Aurten, gainera, ospakizun guztiak bata bestearekin lotuta bezala etorri zaizkigu, atsedenerako aukerarik izan ez dugularik.
Aipatu ospakizun guztiak oso gustokoak izan baditut ere, San Sebastian egunaren bezperaren eguerdian udaletxearen aurrean eginikoa iruditu zait hunkigarriena, donostiarrek izan zuten zortziko-martxa berreskuratzeko egin zen ekitaldia, hain zuzen ere, berton adin guztietako milatik gora upeltxo eta danbor jotzailek parte hartu genuelarik. Diotenez, Iztuetak dagoeneko bildu zuen aipatutako zortzikoa Juan Jose Santestebanek egokitu eta edertu zuen, XIX. mendearen erdialdean.
Donostiako antzinako zortzikoak badu, nire ustez, aurrerakoan egingo diren hiri-ospakizunetan berriro egoteko adina meritu. Alde batetik, zortzikoa oso “gurea” izateaz gain erraz eramateko erritmoa delako eta dantzarako ere oso egokia (San Sebastianeko martxa, ordea, ez zait dantzarako aproposa iruditzen ) Bestetik, Juan Jose Santesteban Maisuba-k donostiarron bihotzean txoko bat edukitzea merezi duelako, Sarriegik duenaren antzera.
Izan ere, Maisuba-k egokitutako zortzikoak Santesteban zenaren ezagupena berriztatu eta sakondu egin du donostiarrongan. Sarriegi haundia bezain herrikoia ez izan arren, Santesteban hura bezain maitatua izan zen bere garaian. Bazuen Santestebanek gure hiria maitatzeko arrazoirik: Donostian jaiotzeaz gain, bere jaiotetxea 1813ko sute ikaragarrian desagertu zen eta, milaka donostiarrek egin behar izan zuten antzera, Maisuba-ren gurasoek hiria utzi eta Eskoriatzara pasa ziren, eta gero Oñatira.
Eskoriatzako erretoreak Juan Joxe mutikoak kanturako eta musikarako zuen erraztasuna baieztatu eta ahal zuen neurrian lagundu zuen. Hamabi urte zituenean, Santesteban-ek Donostian garai hartan oso preziatua zen Sagastiren Requiema kantatu zuen eta berehala piano eta orokorrean musika ikasketak hasi zituen eta, noizik-behin, San Bizenteko organu jolearen lekua hartu zuen. Gainera, berak sortutako Los Gambaros izeneko txarangan tronboi jolea izan zen (Joan Baptiste Gambaro klarinetista ospetsuaren izena hartu zuen txarangarako). Hurrengo urteetan, Santestebanek Europako hiririk famatuenak bisitatu zituen Musikaren bideetan zehar eta musikaririk famatuenak ere ezagutu zituen. Rossini, esaterako, bereziki eginiko zortziko bat erregalatu zion eta Milanen Donizetti ezagutu ondoren Parisen Berliozekin izan zituen solasak.
Santesteban liberala izan arren, berak konposatutako pieza bat gorroto zituen karlisten himno bilakatu zen. Aipatu martxa liberalen omenez konposatu arren, karlistek bereganatu eta Oriamendi famatua bilakatu zuten. Gorroto zituen karlistek eginiko irain grabea nolabait orekatzeko, hurrengo urteetan Isabel II. erreginak Donostia bisitatu zuen bakoitzean Santesteban izan zen musikaren alorrean hiriak eskeinitako omenaldien buru. Horietako batean, Maisuba-k 300 kantari eta musikari bildu zituen, Gernikako arbola, Hiru damatxo eta erreginarentzat konposatutako pasodoble bat interpretatu zutelarik.

