Xabier Etxaniz Rojo: 'Eguraldia'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
IRUTXULOKO HITZAko lagunek abisatu ziguten: uda pasa eta gero Futbologia itzuliko da, adi egon zaitezte. Eta hemen gaude, berriro ere gure Realari buruz hitz egiteko prest, adi eta zintzo, nahiz eta oraindik uda ez den Donostiara iritsi. Uztaila trumoi eta zaparrada artean joan zitzaigun eta abuztuan eguraldiak hondartzak hustu eta tabernak bete ditu, Ubarretxenaren pozerako, esan dezagun bidenabar.
Niri, egia esan behar badut, ez zait gehiegi axola, ez bainaiz oso hondartza zalea, baina tira, aukeran hobe uztailean eta abuztuan eguzkia maizago ikusi izan bagenu.
Real Madrilek bigarren gola sartu zuenean, susmo bera izan nuen. Udari gertatu bezala, Realak ere han egon behar zuen, baina ez zegoen. Ez nekien non zegoen, baina argi zegoen artean iritsi gabe zegoela. Ofizialki asteak zeramatzan lehiatzen, baina praktikan ez zuen ematen. Aberdeen menpean hartzeko nahikoa izan ziren lau eguzki-izpi zeruan margotzea, baina denok susmoa genuen handik aurrera hura ez zela nahikoa izango.
Eibarren hasi zen zerua belzten. Sekulako bero sapa ez genuen espero, jakina baita Ipuruak mikroklima berezia daukala eta eguzkia gutxitan agertzen dela handik, baina zertxobait gehiago bai. Eta Realak hotz utzi gintuen. Krasnodarren, ordea, hotz ez, izozturik utzi gintuzten gure mutilek. Udak bezala, Realak han behar zuen, baina ez zegoen, eta gaizki atera zitekeen oro gaizki atera zen.
Eta bai, Real Madrilek bigarrena sartu zuenean, nik ere pentsatu nuen ekaitza perfektua zetorrela. Aterkia atera eta Jagoba kanpora ozen aldarrikatuko zuten oihuen zaparrada ahalik eta lehorren jasateko prestatu nuen nire burua. Latza zetorkigun gainera. Udaberritik negu hotzenera pasa behar genuen lau partida eskasetan.
Baina futbola zer den, bi gol haien ostean atertu zuen, eguzkia –irakur bedi Zurutuza– atera zen bere txokotik eta barraskiloak ikusi genituen eguzki epelaren magalean.
Zehazki, lau barraskilo.
Ez, ez dut esango uda iritsi denik. Baina pentsa dezagun iraila ere polita dela oso gure hirian, eta zeinek daki, agian aprobetxatzeko moduko eguraldia izango dugu aurten.