'Zalantzak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea.
Orain dela hiru aste, Deporren kontrako partidaren ostean, zalantzaz beterik agertu nintzen txoko honetan bertan. Gora begiratzeko taldea genuela entzuten nuen han eta hemen, edertzen hasia zela gure mutikoa, gizontzen ari zela egunetik egunera, gero eta planta hobea zuela, eta etxerako moduko taldea ez ezik, Europatik bidaiatzeko modukoa ere bazela.
Baina, ai ene!, Depor etorri zen eta, ttak!, puntutxo bat eraman zuen Anoetatik, eta betikoa zela pentsatu nuen, pentsatu genuen. Estatistikek ez dute gezurrik esaten, eta badakigu, jakin, Realak huts egiten duela aurrerapausoa eman behar duen bakoitzean, kikildu egiten dela gora jotzeak bertigoa emango balio bezala.
Eta, zerumugan, Messi eta enparauen bisita genuen. Eta jarraian jaitsiera postuetarako bi hautagai argi, Celta eta Mallorca, bata kanpoan eta bestea etxean. Uff, arriskutsuegia iruditzen zitzaidan. Eta nire buruari galdetu nion ea 8. eta 12. postuen arteko linboa ez ote zen gurea bezalako talde batentzat tokirik erosoena.
Alabaina, hiru aste hauetan dena aldatu da. Messik Anoetan gola sartu zuen, baina burumakur egin zuen alde. Vigon, Realak puntu bat eskuratu eta bi galdu zituen, eta Mallorcaren aurka, arbitroak hil zuen berez nahikoa ahul zen Caparrosen taldea. Eta orain, Europa ez ezik, Champions-a ere hasi gara han eta hemen entzuten eta balirudike ezen linboa motz geratzen zaigula. Paradisua gertuegi daukagu –hiru puntura baino ez– eta amets egitea libre.
Eta nik ez dakit. Zalantzak uxatu ezinik jarraitzen dut. Bartzelonaren kontrako partidaren osteko festa gorabehera, zalantzak ditut. Mallorcari sartutako hiru golak gorabehera, zalantzak ditut oraindik. Gipuzkoar bakarra izango naiz ziurrenik, baina hala sentitzen dut eta hala idatzi nahi dut.
Egia da loratzen eta fruituak ematen hasia dela taldea, baina nago oraindik koska bat falta zaiola talde fidagarri bat izateko.
Asteburu honetan bertan aukera bikaina dauka Realak oker nagoela frogatzeko eta handitzen jarraitzeko. Ea hala den.

