Xabier Lopetegi: 'Denbora'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
“Milioiak zelai gainean nahi ditugu, ez bankuan». Zenbat aldiz egin izan zaio eskaera hori Realeko zuzendaritzari. Zenbat aldiz bota ote da leloa tertulia txuri-urdinetan. Azken boladan ez, ordea. Izan ere, klubak saldutako jokalariek esker pilatutako milioiak berdegunean daude. Baina inbertsioak ez du etekinik eman oraindik.
Paradoxan murgilduta hasi du taldeak denboraldia. Tiki-takarako hamaikakoarekin ari da zelairatzen, baina Rullik luze ateratzen du beti. Gola fitxatu du Jonathasekin, eta inoiz baino gol gutxiago sartzen ditu. Abiadura ekarri Brumarekin, eta inoiz baino motelago jokatu. Ligako hamaikakorik garaiena omen dauka, eta ez da gai geldikako jokoan aurkaria urduritzeko ere.
Defentsari eman nahi dio lehentasuna Realak, eta defenditzeko lanak dituzten artistekin ari da jokatzen. Oreka nahi duela dio entrenatzaileak, eta aulkian, edo deialditik kanpo uzten ditu bertute hori eman diezaioketen erdilariak: Markel eta Zurutuza. Prestakuntza fisikoari berebiziko garrantzia eman zaio denboraldi-aurrean, eta hala eta guztiz ere pattal aritu da lehen hiru norgehiagoketan.
Paradoxa da, bai. Ferraria dirudien taldea utilitarioaren prestazioak ari da ematen. Karrozeria distiratsua du. Itxura dotorea. Baina kilometroak egiten hasi, eta orduan komeriak. Dela piezak elkar lotu gabe daudelako edo batzuk matxuratuta daudelako; dela zaldiak falta zaizkiolako motorrean; dela gidariak kotxeari neurria hartu ez diolako, edo alderantziz; kontua da kezka areagotuz doala.
Eta bitartean, Moyesek, Aperribairen kirol anbizioaren eta lorpen gosearen ikur den entrenatzaileak, esaten du Europa ez dela helburua, eta epe luzerako proiektua dela berea. Kontraesan galanta hor ere. Honezkero, jakin beharko luke eskoziarrak diruak ia edozer gauza eros dezakeela bizitzan, denbora barne. Baina futbolean ez. Milioiek ez dute pazientzia eta denbora erosteko balio. Are gutxiago guztiak zelai gainean daudenean.