Xabier Lopetegi: 'Futbolitika'
Iritsiko da hauteskunde biharamuna, eta denak aterako dira irabazle, berriro. Realak, ordea, ezingo du halakorik esan.
Telebistako hauteskunde eztabaiden tankera eduki zuen Granadaren aurkako lehiak. Eztabaidetan ez da ezer erabakitzen, normalean. Itxuroso aritzea eta, batez ere, hanka ez sartzea da inportanteena. Realak, ordea, bete-betean sartu zuen igandean.
Negargarri aritu zen, eta ikusle-hautesleek ez zioten barkatu. Azken ordu laurdenean Anoetan entzundako txistu andana, lekuko.
Legegintzaldi txarra izan da, arlo guztietan. Ehun eguneko grazia epea ere ez du gainditu Realaren 2014-2015eko gobernuak. Hasi eta berehala, Krasnodarren danbateko itzela hartu, eta harrez gero, ia etengabeko krisialdian murgilduta ibili da Reala.
Bozeramailea aldatu zuen Aperribai alderdiko buruak, gauzak zuzendu nahian. Bazterrean utzi zituen erronbo magikoa eslogana, eta Zubietako labeldun entrenatzailea. Izena izana bezain garrantzitsua omen, eta David Moyes mediatikoa aukeratu zuen kargurako.
Aspalditik zeraman sona handiko baten bila –Bielsa, Martino…–, eta lortu zuen azkenean.
Gabinete propio eta guzti iritsi zen Mr. Moyes. Inkestetan hobera egin eta estualditik atera zen Reala haren eskutik, baina bultzadak ez zuen espero adina iraun. Akomodatuta egotea leporatu izan diote azken boladan taldeari. Kasta izatea. Zelai gainean, aldiz, kasta gutxi.
Inbertsio nagusietan ere, kamuts. Aurrekontuetan defizitik ez, eta dirua gastatzeko aukera izan du Aperribaik. Baina proiektu inportanteenak, Finbogassonek, ez du etekinik eman.
Ezkerreko politikek ematen zioten Realari arrakasta: Griezmann eta Vela bikoteak, alegia. Bi horien inguruan hazten ziren gainerako ministroak. Frantziarraren hutsunearekin, ordea, karisma zeharo galdu du. Ez du asmatu diskurtso txukuna osatzen. Eman ditu mitin eta prentsaurreko ugari, baina hautesle-bazkideek ez dakite oraindik zer proposatzen duen.
Eta oraindik ez dugu kirol arduradunaz hitz egin. Legegintzaldi hasieran, Realak Europarako sailkatu behar zuela esan zuen Lorenek. Agindutakoa, beraz, ez du bete, baina ez dirudi dimisioa emango duenik. Zeinek esan zuen futbolak politikarekin antzik ez duela?