'Aspaldiko!'
Gogoan izango duzue agian Aspaldiko izeneko saioarekin Antton Urrusolo ETBra itzuli zenekoa. Egun, etxe berean Bisitaria izeneko saio bat ere bada. Guk aste honetan izan genuen bisitariak aspaldiko gauzak ekarri zizkigun.
Bisitari gaiztoa dugu Betis, ez da Etxaniz modukoa zure etxera botila bat opari etortzen denetakoa. (Etxanizek gero 4 husten dizkizu, baina hori beste kontu bat da). (Bide batez, Xabi, okerrik esaten duzun bakoitzean itsusituko banizu, Hitza egunero atera beharko litzateke nire futbologia banarekin).
Nioen moduan, Betis bisitari gaiztoa dugu. Eta lagun txar eta zahar batzuk ekarri zizkigun: arerio on eta zorte onekoa, Realaren opariak eta epailearen erabaki okerrak. Koktel honetan Realari txapeldunen (ligarako) zortea falta izan zitzaion 3 puntuak lortu eta Europarako txartela ia-ia lotu ahal izateko. Aspaldi, 2002-2003an, Betisek 3-3koa atera zuen Anoetan eta bere zelaian irabazi (aurtengo gauza bera, beraz) eta gero helburutik puntu gutxi batzuetara geratu ginen. Hori bai, orduko Betis hartatik Dani izeneko alproja bat dut gogoan, honetan Pepe Mel izeneko bat. Klase ezberdintasuna nabaria da.
Betisek sasoiko dagoen arerio bat ekarri digu, Anoetan ausardiaz jokatu zuena eta goian asmatu egin zuena. Realak, ordea, aspaldian ez bezalako opariak egin zituen atzealdean, eta aurrealdean betikoari eutsi zion, aukera mordoa egin, baina etekin baxu samarra atera. Realaren dinamita halakoa da, erraz hartzen du su metxak, baina eztanda egiten kostatzen zaio.
Azken puntua ere aurreikusi nizuen, iritsi beharko zuen nahitaez eguna non epaileren batek orain artekoari buelta emango zion. Ez da normala Realari hain luzez ondo epaitzea (eta ondo-k ez du esan behar baino hobeto, baizik eta txukun) eta bistan zen igandekoa bezalako inor iritsi behar zitzaigula.
P. D: Beste gauza bat ere itzuli zen igandean Anoetara, kanpoko taldeko jarraitzaileen aurkako erasoak. Gero besteok pairatzen ditugu hemen lau burugabek egiten dituzten txorakeriak. Bihoaz pikutara halako eroak!

