'Beste bat gehiago'
Xabier Vazquez, Realzalea
Ez, ez naiz Madrilen beste gol bat eskatzen ari. Epaileez ari naiz. Gogoan izango du baten batek aurreko Futbologian epaile bat antzarrak perratzera bidali nuela. Bada, antza, munduan antzar gehiegitxo dago epaile batek bakarrik lan guztia bere gain hartzeko. Bide honetan, laster musika banda osoa antolatuko dute guri adarra, harpa… jotzeko. (Gazteleraz ari banintz, musika tresnak jo eta beste gauza batzuk ukitzeaz hitz egingo nuke,..)
Horrek ez du esan nahi taldearen arazoak ahaztu behar direnik, baina talde batek ezin du egonkortasunik eta lasaitasunik lortu, baldin eta etengabe kontrolaezin diren aldagaiak kontra jartzen bazaizkio. Felipe II.aren harira, «nik ez ditut nire jokalariak epaileen aurka aritzera bidali» bota, eta planto bat egiteko gogoa ematen du. Kontua ez da pentsatzea halako berariazko konplot judutar-masoia dagoela gu izorratzeko (harritu ere ez ninduke egingo) baina garbi geratu da Realaren aurka erabakiak hartzea oso erraza zaiela batzuei. Ez soilik zelaian, bulegoetan ere makina bat burla egin digute. Illarramendirena harpa jotzearen gorena izan zen.
Eta gainera, zein eta Madril sentitzen da gaizki tratatua. Eta guk kitatu behar euren ustezko zorrak. Ikusia zegoen Realak bereak eta bi jasoko zituela Bernabeun. Izan ere, ligako bi talde lotsagabeen aurka (Madril eta Bartzelona) Realak partida duin bakarra egiten du asko jota. Azken urteetan Camp Noun itxura negargarria eman izan du, eta Madrilen, lantzean behin, zer edo zer txukuna. Aurten Bartzelonan uste baino hobetoxeago ariturik, argi zegoen Madrilen zer gertatuko zen. Epailearen laguntza handiegirik ere ez zuten behar izan, baina bada ez bada, Ramosi jokatzen utzi zioten.
Etxe txuri-urdineko zein zuriko entrenatzaile izandako Toshackek, behin esan zuen zerriak ikusiko zituela Bernabeu gainean hegaka. Nik horrelakorik ez dut ikusi, baina nire gurariak beteko balira, laster munduko antzar guztiak perraturikk ikusiko nituzke. Eta jateko piku eskukakadak izango nituzke noiznahi, nork ekarri izango nuke eta. Gainera, eleanitza naizenez, pikuekin batera esparrago frijituak izango nituzke. Gaiak txantxak egiteko ematen du, baina… aizue, nahikoa da, benetan.

