Xabier Vazquez: 'Valentziari gorazarre'
Xabier Vazquez; Realzalea
Maite zaitut, Valentzia kuttun neurea! Maite ditut, maite, zure sare ederrak, geure jokalariek baloia bertaratzen dutenean. Azken urteetan zoriona eta poza eman dizkiezu geure bihotzei. Ez dakit zeuk, ene azukre koxkor horrek, zorion handirik izan duzun.
Zeure lurrean luxua bizi izan da. Bela -ez gure Carlos, baizik eta haizeak daramana-, F1… Luxua ; bai, horixe. Bueno, bai, agian umeren batzuk barrakoietan ikasten arituko dira. Baina, aizu, gauza ederrak esaten ari natzaizu-eta, utzidazu jarraitzen.
Bai, zorioneko lurra. Hor duzu Carlos Fabra, loteria 7 bat aldiz egokitu dio….barka, egokitu zaiona, zaio. Baita Piter Lim ere, zure presidente aberatsa. Halere, eder hori, burumakur zabiltza, goibel. Egia da ez zarela inoiz berebiziko egonarrikoa izan. Ausar ninteke esaten agian, soilik agian, suminkor samarra bazarela. Ze Emery gaix…
Bai, utz dezagun hori, laztana. Maitasun kontutan genbiltzan. Izan ere, polit hori, azken urteetan realzaleak kateatuta gauzkazu. Geure patua zureari lotua zaio. Geure hondamendiaren lekuko izan zinen. Zeure magalean eman genuen geure historiako unerik latzenetakoa. Baina, itzuleran; zeuk, maite-maite horrek, eskuzabal jaso gaituzu besoetan.
Igo berritan, galduta ibili ginenez, zure aurka ere galdu egin genuen. Hurrengo urtean, aldiz, goxo aritu zinen gurekin eta e Eman zenizkigun 6 puntuei esker, gora egin genuen<; 12. bukatzeraino. Ondorengo denboraldiak, berriz… horiek bai ederrak! Hauetan ere enkontru guztiak irabazi genizkizun. Horri esker Europarako txartela bi aldiz jarraian erdietsi genuen.
Europa ez da, baina, zeu bezain amorante ederra. Zital jokatu zuten gurekin eta laster eman genien amaiera geure bidaiei. Urte horretan bertan Europara joateari uko egitea erabaki genuenez, berdinketa eta garaipena oparitu genizkizun. 2012tik hona gure aurka lortu dituzun puntu bakarrak. Eta, geuk, burumakur, alkoholean bilatu genuen maitasun atsekabeen konponbidea. Hots, kopari eman genion, errege kopari. Ederra izan zen…epaileek ametsa zapuztu ziguten arte.
Iaz, ostera, berriz ere geureak izan ziren 6 puntuak. Horri esker, gora egin dugu, baina ez nahi beste. Horregatik, panpoxa, irabazi behar izan dizugu aurten ere. Bai, geure patuak lotuta daudelako. Zuri irabazita pizten direlako geure ametsak. Punturik ematen dizugunean izaten baitira geure emaitza kaskarrenak. Beraz, maite, barka gaitzazu. Baina berriz ere neure baloia sareratu beharrean nago. Zure jokalariei txistu egiten diete, baina maite zaituztegu oraindik.