Xabier Vazquez: 'Curro'
Xabier Vazquez, Realzalea
Granadaren aurkako sakea Puertollanoko jokalarieek egin zuten. Zaila da gazteenei azaltzen Puertollanoren garrantzia. Izan berri dugun bigarren mailako egonaldiak epeldu egin du luzez «azken igoera» izan zenaren sona. Alabaina, ez dugu ahaztu behar hainbeste urte jarraian lehen mailako egoteak zenbat on egin zion klubari.
Sevillan, aldiz, Curro-k egin zuen ohorezko sakea. Badakizue, Curro, 92ko Expoa ordezkatu zuen zera…..bueno, bai, dena delako hori. Cobi eta Curro modukoak modan egon ziren, diseinatzaileek ere zer ote ziren ez zekiten izakiak.
Realaren kasuan, diseinatzaileak oso argi du zer den taldea. Baloia atzetik ateratzen, oso argi du estiloa. Onerako zein txarrerako. Estilo horri esker emaitza on piloa bildu ditu, sailkapen erditik beherako taldeen aurka batez ere. Garaipen horietan baloiaren jabetza izan da gakoa arerioa ondo lotzeko.
Trukean, zaleen bihotzak arriskuan izaten dituzte jokalariek. Jakina, noizean behin sustoa ezbehar bihurtzen da, eta goiko taldeek aprobetxatu izan dituzte Realaren atzeko arriskuak. Ez da oso bidezkoa jokatzeko moduaren alderdi txarretan zentratzea. Baloia jokatzeko grinak asko eman dio Realari, eta bere alde txar eta arriskuak ere onartu behar.
Sevillak jakin zuen baliatzen txuri-urdinen oparia. Halere, Feriako ispirituaragatik akaso, bueltan itzuli ziguten oparia Velari gola sartzeko parada emanda. Hala, puntua ekarri zuten jokalariek Sevillatik, baita ostiko bilduma ederra ere.
Ikusi behar puntuak Europako txartel zuzena lortzeko balio duen. 7. bagara eta –Bartzelonak kopa irabazita– Europara joateko low cost txartela izango du Realak eta jokalariei udan «curratzea» egokituko zaie. Hori ez gertatze aldera, azkenaldian Vela golak sartzen ari da. Udan norgehiagoka gutxiago izateko. Ea hala den eta opor lasaiak ditugun: jokalariak hondartzan eta futbologia itxita. Udaran bizikletak… eta traineruak.