Xabier Vazquez: 'Argazkia'
Xabier Vazquez, Realzalea
Bai, badakit esan nuela ez nuela nire gazte denborako argazkia aldatuko. Ez behintzat beste sasikazetari batek ere bere argazkia aldatuarte. Askoz hobea zen ilea neukaneko argazki bat uztea. Baina, Hitzako gure nagusia seria jartzen denean eta zerbait buruan sartzenzaionean ez du etsitzen lortu arte.
Hala, Donostiarraren traineruaren aurkezpenean ikusi bezain laster argazki on hau atera zidan (argazkia da ona, ez argazkitatua). Horri esker esan dezaket, eta lekuko zarete denok, Realari ez ezik Donostiarrari ere zorte ona ematen diodala. Bere azken bi aurkezpenetan izan naiz eta ordutik 4 bandera eta playoff-erako txartela lortu ditu bi urtean. Ez, lasai, ez didazue eskerrik eman behar, gustuz egiten dut.
Beraz, irakurle azkarrak asmatuko zuen dagoeneko Iruñan izan nintzela Reala animatzen. Bestela nola irabaziko zuen bada taldeak Agirretxe gabe, Vela dagoen moduan egonda eta Illarramendi minduta jokatzen? Eskerrak, batetik, ni han nintzela, eta bestetik, aurrean zegoen taldeak ere ez zuela berebizikorik erakutsi.
Ezker hegalaren erdiraketa bikainak errematatu eta atzean bilduta Osasunak pilatuko du punturik, baina Merida eta Oier baino ezer gehiago beharko du zelai erdiari indar gehiago emango badio. Ahulgune horri behar baino gutxiago atera zion etekin Realak bigarren zatian, izan ere jokalariak ez daude oraindik punturik onenean, baina batzuek ikusi nahi duten bezain gaizki ere ez gaude.
Azken finean, Europako txapeldunaren aurka galdu dugu eta izango ditugun 8 derbyetako lehena irabazi dugu. Denak irabaziko bagenitu 24 puntu lortuko genituzke eta koltxoi horrekin Europara itzultzeko txartela ere izango genuke. Pentsa: Reala Euskal Herriko txapeldun,UEFArako sailkatuta. Are gehiago, Donostiarra TKEn egonkortuta. Zaila ikusten duzuela? Bueno, hori ere ikusiko dugu eta ordurako oraindik ileren bat geratuko zait.