Xabier Vazquez: 'Ge-opio-litika'
Ander Izagirre kazetariak Mundu Kopan honakoak entzun ditu: “Barcenasek Panamaren alde lapurtu du”, “Espainia geldoa da transizioetan”… Kirola eta politika ez omen dira nahastu behar. Horregatik, herrialdeen aldarrikapen festan, ikur politikoak debekatuta daude. Hots, FIFAk ikur politikotzat dituenak. Ingalaterrako Brexitaren aldeko kanturik egin ez dezaten eskatu diete. Lan handiena, ordea, Balkanetatik etorri zaie: Kroazia, Serbia eta… Suitzarekin! Izan ere, herrialde ustez neutraleko 9 jokalarik inguruk balkaniar jatorria dute.
Albaniar jatorriko bi jokalariren golei esker irabazi zion Suitzak Serbiari eta Albaniaren ikur bi buruko arranoa irudikatuz ospatu zuten. Serbiarrak gozoak jarri ziren eta FIFAk isuna jarri die Suitzako albaniarrei. “Ikur politikoak” erabiltzeagatik. Zaila da hurkoa ez probokatzearen muga non kokatu, baina absurdoa deritzot estatuen arteko lehia batean “ikur politikoak” debekatzeari. Estatu baten ikurra baino sinbolo politikoagorik ba al da?
Realeko jokalari Januzajek ere jatorri albaniarra duenez, txuri-urdinak Mazedoniara joan zirenean antzeko zerbait gerta zitekeen beldurra zegoen. Neu HITZAk eskuzabalki emandako gerra-erreportari kaskoarekin joan nintzen Mazedoniara. Realari jarraituta erabateko geopolitika aditu bilakatu bainaiz: Donetseko gerraren eta Eskoziako erreferendumaren bezpera-bezpera bizi izan nituen Realari esker. Gero esan dezazuen futbolzaleak burugabe hutsak garela. Burugabeak bai, baina, aizue, bidaiatuak.
Udan Mazedoniara itzultzekoa naiz hango nazio mazedonia gehiago ezagutzeko gogoz. Halere, mundu osoko jendea ezagutzeko Donostian geratzea bezalakorik ez dago. Hiriaren ederragatik zein prezioengatik (bejondeiola Donostia merke zaionari) edo, akaso, jakinminagatik zientoka turista etorriko baitzaizkigu.
Hori bai, ez zaitezela turistei matraka politikoa ematen aritu. Turismoa negozioa da eta, egungo futbolarekin bezala, negozioak eta politika ez dira uztartu behar. Hori da behintzat FIFAk dioena: “ez dut, bada, herrialdeen arteko lehian oinarrituriko negoziotxoa egin orain batzuek ‘politikarekin’ lardaskatzeko”. Boteredunen iritziz, kirolak eta turismoak herrialdeen arteko harreman sanoak sustatzen dituzte, beti ere status quorik zalantzan jartzen ez bada. Tourist, remember, you are not in Gipuzkoa, Basque Country. You are in San Sebastian Region.