Xabier Vazquez: 'Hasiberriak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Txapeldunen Liga ez dago hasi berritan. Erdi lanak eginda nota oso eskasa da, oso litekeneena da Europako edozein txapelketan aurtengo lanak azkar bukatzea. Baina gu oraindik hasiberri moduan ari gara. Eta AEBtako instituetako pelikuletan ez bezala, hemen ez, hasiberriak ez zaizkie klaseko oilarrei gailendu ohi filmaren bukaeran.
Manchester oilarrari aurten ez badiogu irabazi, oso zail izango dugu beste inoiz egitea. Giggsek klase magistral bat eman zigun, baina Unitedek atzealdean atera zituen Jones, Evans, Rafael eta gero Smalling horiek ez dira parean izan genezakeen areriorik okerrenak. Halere, Reala ez zen gai izan punturik lortzeko eta han bildu ziren 6.000 realzaleak triste samar geratu ginen.
Realzale esan dut, baina bada han bildutako denak realzaleak direla zalantzan jarri duenik. Partidaren hasieran eztabaidak izan ziren bere aulkian eseri nahi zuten eta edozein tokitan/zutik ikusi nahi zutenen artean. Kritikak ere irakurri ditut, animazio txikia egon omen baitzen. Batzuek esan dute Realaren ohiko kanpoko partidetara joaten den jendeak ohitura ezberdinak ditugula. Bada, hori da Txapeldunen Ligaren xarma, ez dela Huesca.
Adibidez, astelehenean Londonen Crystal Palace-Fulham kiligarri batez gozatu nuen lagunekin. Fulhameko zaleek zutik eta kantuan gozatu zuten 1-4ko garaipena. Baina Realak San Mamesen jokatzen duenean ikusita antzeko zerbait ikusiko genuke. Txapeldunen Liga, ordea, beste gauza bat da, eta betiko zale ez diren horiek gerturatzea da bere adibide.
Europan jokatzen egonkortuko bagina, azkenean halako partidetara joango litzatekeen jendea egun Ligako partidetara joaten dena izango litzateke, baina, esan moduan, Reala egun hasi berri baten mailan dago, aspaldi ahaztu baititu Europako eskolak.
6.000 horiek benetako realzale ziren ala ez baino, edota Realak joko aldetik Europan ematen duen itxurak baino, gehiago kezkatzen nau Argiako iritzi artikulu baten bidez izatea Lyoneko zale bat jipoitu zuten berri. Athleticek Anoetan jokatu zuenean euren gaiztakeria guztien berri izan genuen, baina «gure» ero koadrila batek egindakoaz ozta-ozta enteratzen gara. Hor neurtzen da benetan afizio baten maila, «gure» leloen ardura hartzen. Eta hor bai garela hasiberriak.