'Planak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Gogoan dut Antena 3 telebista katean futbola astelehenetan botatzen hasi ziren garai hura. Lehen partidan Sportingek jokatzen zuela ziur nago, eta bere arerioa Valladolid izan zelakoan nago. Gogoan dut, hurrengo egunean, ia aho batez komentatu genuela ez genuela ulertzen zer deabrugatik botatzen zen halako partida bat, eta inork gutxik ikusi zuela. Astelehenean, Valladolid-Reala interesgarri bat ikusi genuen. Begira zein interesgarritzat jo zitekeen partida, non Canal +eko esatariak une batean honakoa esan zuen: «Pues al final esta siendo un partido entretenido». Hots, «nik neuk ere ez nuen sinesten partida honek inoren interesik piz zezakeenik». Ez dakit Ziur Pucela eta Barduliatik at zenbat lagun bildu zituen partida horrek, baina zintzoa izanda… pentsatzen dut askok topatu zutela plan hoberik. Nik neuk astelehen arratsaldean liburu batzuk erosi nituen Hontzan, eta zalantzan izan nintzen nire gelan txintxo- txintxo irakurtzen geratu ala partida ikusi. Jakin badakigu-eta denok Realak etxetik kanpo ez dizkigula poz asko ematen. Beste plan posible bat ordu txoroetako zaletasun berria zen, hau da, denbora Twitterren alferrik galtzea. Ez da ideiarik onena @xabietxaniz, @perkain eta @samuraitasuna bezalako jendearen jarraitzaile bazara. Izan ere, horiekin eta beste askorekin Realaren informazio eta iritzi heldu eta sakonak izango dituzu unean bertan. Beste plan posible bat lasai-lasai lo zorroan geratzea zen. Ez da bekatu realzaleek hori egitea gure jokalariek hain maiz egiten dutenean. Baina beldur handiena eman zidan plana Cuatro-n botatzen zuten pelikula zen: Destino final 3. Antza beren heriotza aurreikusten duten gaztetxo batzuei buruzko filma da. Zer nahi duzue esatea, hori ikusteko nahiago Realaren partida ikusi; hor ere badakigu patua zain daukagula eta ez dela gozoa izango. Onartu behar dut azkenean aurreikuspen okerrenak ez zirela bete. Are gehiago, Iñigo Martinez zorian egon zen Betisen aurkako garaipen gogoangarri hartan bezalako gola sartzeko. Eta Jose Angelek are urrutiagotik errepikatu nahi izan zuen gol hura. Baina ez zen baloia sartu eta berdinketarekin bukatu genuen. Ezin esan telebistako esaldi ezagun hura, «Me encanta que los planes salgan bien». Realzaleok astelehenerako genituen planez ari naiz noski, astelehenean Realak irabazi izan balu ez baitzitekeen izango partidaren prestaketa onagatik baizik eta bizpahiru une inspiratugatik.
