Xabier Vazquez: 'Puigdemont Igeldo'
Ez, Kataluniari buruzko beste zutabe bat, ez, mesedez! Baina halako showarekin ezin uko egin gaia jorratzeari. Rajoy dirudiena baina azkarragoa delakoan nago, gaiztakeriaren genio maltzurra. Nahiz eta iseka eta burla ugari egin Trumpen sasibabes-sasi labankada dela medio; nire ustez benetako helburua lortu zuen: Trumpen babes bila baino gehiago, guda helikopteroak hartzera joan zen. Aurreikusia zuen tipoak nazioarteko babesik ezean gaia nola konpondu.
Denboran ez oso luze, hemen ere izan genuen ika-mika galdeketa baten bueltan. Igeldon hain zuzen ere. Zorionez, ez genuen izan Kataluniako eraso eta kolperik. Egoera tentso eta absurdoak bai, ordea. Gurean ere izan ziren donostiar guztion borondatea igeldotarrei lehenetsi nahi zietenak.
Inork, arrazoiz, esango du afera hura ezin dela Kataluniarekin alderatu. Besteak beste, Igeldo moduko udal txikien bideragarritasuna dagoelako ezbaian. Ados, baina ez dezagun geure burua engaina, Igeldo udal bihurtzeri uko egiteko donostiar askoren arrazoia “hiriaren batasuna” zen. “Nora joango naiz orain igandeko paseoan” modukoak. Neuk, behintzat, nahiago sut neure bizilagunek proiektu berean bat egitea. Horrek ez dit inoren erabaki esparruan muturra sartzeko aitzakia edo borondaterik ematen.
Autobus batetik idazten dudala, gogoan dut Dbus ere eztabaidarako tresna bihurtu nahi izan zutela. Egun haietan zenbaitek Igeldorako zerbitzua ken zedila eskatu zuten. Oso egokia, bai horixe! Galdeketaren emaitza onartu ez eta “hiri” barruko zerbitzua murrizteko eskatzea. Donostiar izateari utzi nahi diotenei donostiarrei dagozkien zerbitzuak kentzea, hau da, izatez udalerritik at uztea.
Funtsean, Espainiako Gobernuak Kataluniarekiko duen jarrera bera erakutsi zuten donostiar ugarik. Eta horietako batzuek gero Kataluniari erabakitze eskubidea onartzen diote. Sutan ikusten da eltzearen balioa. Norberaren asmo demokratikoak beste herri, hiri edo nazio proiektuekiko errespetuan gauzatu behar dira, dela Kataluniaren erabakia esparrua espainiarrarentzat, dela Nafarroa EHren zati -edo muin- kontsideratzen dugunontzat.
Baita udal esparruan ere. Beste kontua da erabaki horiek lurzoru, diru eta herritarron zerbitzuetan nola gauzatu. Baina izaerak eta mugak irensaraztea ez da bide egokiena izan ohi, edozein arlotan.
Negu Gorriak taldeak Nire baitan daude biak izeneko abestia zuen. Denok ditugu barruan oinperatua eta menderatzailea izateko joera. Bigarren paperean noiz ari garen detektatzea da gakoa. Herri txiki eta hizkuntza gutxietsi batean aritzea egokitu izanak (k)ate batzuk detektatzeko aukera eman digu, ez gaitezen mugatu horiek besterik ez irekitzera. Besteei eskatzen dieguna geure buruari ere exijitu diezaiogun, gure alde ez bada ere.