Xabier Vazquez: 'Sare'
Xabier Vazquez, Realzalea
Vallecaseko garaipenak pixkat goxatu du Anoetako azken porrota. Eibarri ez zion askorik gozatuko, baina, tira, nahiko lan dugu geure miseriekin negar egiteko, besteenen errudun ere sentitzeko.
Gauzek bere bidea egin izan balute, Reala Vallecasen zela, Anoeta birmoldatzeko obrek hasiak behar zuten. Azkenean ezer ez. Askorentzat premiazkoa da. Nik uste beharrezkoa badela, baina ez diru publikoa jartzeko modukoa (Bilbon ere ez, noski); baina Realak bere kabuz egingo balu, trabak ez jartzeko modukoa. Sare sozialetan iskanbila handia izan zen bere garaian Jaurlaritzari tratu ezberdina egozten baitzioten zale askok. Antza, alderdi politiko batek biziki ordainduko zuen jarrera hori. Inondik inora ez, alderdi horrek aise irabazi zituen igandeko hauteskundeak.
Honek bi gauza erakutsi ditzake: bata, sare sozialen benetako garrantzia; bi, futbolak ez zuen hainbeste baldintzatu jendearen bozka. Akaso gauza are absurdoagoek baldintzatuko zuten, baina futbolak behintzat ez.
Sare sozial horiexetan Anoetari buruzko inkesta bat ikusi nuen. Antza, emaitzak klubari helaraztea zuen xede. Benetan txalotzekoa iruditzen zait inork bere denbora apurra ateratzea zaleon iritzia jasotzeko. Eta ohiko purrustada eta mecaguenaz harago benetako informazioa lortzeko bitartekoak jarri izana. Klubak berak noizean behin egin beharko lukeen zerbait da, baina tartean oso ondo dago jende batek denbora hartzea.
Horrela, sare sozialak bere izenari men egin eta benetako sare bat osatzen du, zerbait baliagarria osatzen du. Ez dakit zenbatek erantzungo ote genuen, baina bejondeiela hori bultzatu zutenei. Espero dut saria denon gusturako Anoeta Barria izatea.
Barria jarri behar bazaio trabarik ez jartzeko, ba hala bedi. Baina Anoeta izenerakin. Ez dut gogoko, diru truke, izena aldatzeko aukera. Hori bai, gero nik neuk gehiago jarri beharko dut poltsikotik edo klubak diru gutxiago duela asumitu beharko. Total, ekartzen dutenerako…. Orain aurrelari baten bila ari dira, eta aurrelaririk onena hortxe dugu, begibistan. Gorka Elustondo du izena eta baloia modurik ederrenean sareratu zuen azken partidan. Realeko zaleen artean bozketa bat egin izan balitz aspalditxo kanpoan egongo zen mutila, baina hortxe eutsi dio eta ikusteko dago zer gertatuko den berarekin. Agian aurrelari postuan jartzea zen behar genuena. Edo agian besterik gabe ez zuen tokirik. Baina erabaki batzuk entrenatzaileak hartu behar ditu. Hor ez dago sarerik.