'Xerra patatekin'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Lantokiz aldatu berri gara eta orain, jangela batean egiten dugu gure eguneroko bazkaria. Bertara, inguruko langileak etortzen dira. Bakoitza, bere poltsa, termo eta tupperwarearekin. Orain arte, self service delako batean egiten genituen bazkariak. Gure bandejatxoa hartu, gure ogi, fruta, lehen plater, batzutan bigarrena eta kafetxoa! Ordaindu eta listo. Erosoa zen bazkaltzeko modua. Aukeran plater asko, gehienak onak, eta merkea. Bi aste dira, merkatalgune handi batean, tupperwareak gorde eta tenperatura mantentzen duten boltsa erosi nuela. Bi tupper sartzen dira bertan. Txikiak ustean, baina tripa betetzeko beste niretzat. Bezperan prest uzten ditut. Eta, bazkalduko dudanaren arabera ere, goizean bertan, ti-ta batean egin ohi dut. Jangelako giroa egin zait bitxia, hala ere. Langileak bertako mahaietan. Goizean zehar egindako lanaz ihesi. Bestelako hizketagaiak. Asteburuko ostera, kirola, parranda… baina bitxiena, jendeak dakarren jana egin zait. Nutrizionista titulurik ez dut, baina kirolari urteen ondorioz, jana dezente kontrolatzen dut eta tesia egiteko beste kontu ikusi ditut. Jaki erregea, makarroiak eta arroza dira. Jaten ikusteaz gain, irudikatu egiten ditut euren etxean prestaketa lanetan. Igandean, eltze bete makarroi prestatu eta hainbat tupperretan aste osorako banatuz… eguneko ogia apenas ekartzen du inork. Bimbo ogia da nagusi… harrigarria egin zait, eta badu bere logika puntua, baina ez dut oraindik, xerra patatekin jan duen inor ikusi. Bai, irakurle, XERRA PATATEKIN… edozein etxetan jaten den hori, ez dut jangelan ikusi. Baina, irakurle… bazkalordua dut iada eta bazkaltzera noa… barazki menestra eta bakailua saltsa berdean da gaurko nire menua… baina, bihar, xerra patatakin izango dut. Badakizu, korrontearen kontra joan zaleak bagara baina… bakailua ederra dagoela badakit. Baina, ederragoa da bakailua saltsa berdean jan eta aurrekoa makarroi batzuk jaten dagoela ikustea. Zer egingo zaio…

