Zabalzaren kasua gaur-gaurko auzia da 35 urteren ondoren ere
Mikel Zabalzaren kasuak gaurkotasuna mantentzen du 35 urte igaro eta gero, eta ez soilik otsailaren 13ko Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean polizien zaintzapean torturatuak (batzuk hil arteraino) izan diren guztiak ikusmiran jartzen direlako. Alde batetik, Non dago Mikel? film zirraragarria zinema aretoetan ikusi ahal izango dugulako aste honetan, eta, bestetik, bi poliziabururen arteko elkarrizketaren grabaketak agerian uzten duelako zer gertatu zen 1985ko azaroaren 26 hartan Intxaurrondoko kuartelean.
Bai filmak bai grabaketak torturaren gaia itxi gabe dagoela gogora ekartzen digute. 1960tik 2000ra polizia indarren eskuetatik (literalki) pasatako ia 5.000 pertsonak tortura pairatu zutela salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abian jarritako protokoloetan. Zer frogatzen du horrek? Tortura atxilotuen adierazpenak lortzeko sistematikoki erabilia izan zela, eta errealitate hori sistematikoki ere izkutatua izan dela. Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak tortura arma gisa erabili dute, eta haien arduradun jerarkiko eta politikoak, forentseak, fiskalak, epaileak, eta komunikazio talde gehienak torturatzaileen inpunitatearen zaindariak izan dira, eta izaten jarraitzen dute.
Jarraitzen dutela diogu, aste honetan aditzera eman den Perote eta Gomez Nietoren arteko grabaketa hori Intxaurrondon Mikel Zabalza hil arte torturatu zutela frogatzen duelako. Grabaketaren froga, ordea, ez da berria: epaiketan aurkeztu zuten eta epaileak ez zuen onartu. Hor bukatu ziren Mikelen senideen itxaropen izpiak: kasua artxibatu egin zen eta kito. Hemen ez da ezer gertatu!
Mikel Zabalzaren «adibidea», Jon Arretxek zioen moduan, torturatu askoren adibide bera da: epaitegietan ez zaie entzuten, eta sinisten dietenean, frogarik ez dagoela esatearekin bukatzen da istorioa.
Ez dakigu Mikelen familiak grabaketarekin eta filmarekin kasua berriz irekitzeko indarra izango duen, baina Donostiako Udalak, onartutako bi moziotan hartutako konpromisoari jarraituz, ez luke joan beharko bere langilea zenarentzat justizia eskatzera? Eta Espaniako Gobernuaren ordezkaritzak ez lituzke garai hartan alderdi bereko agintari politikoen ardurak argitu beharko? Orain dela bi hilabete, Zabalzaren kasuaren 35.urteurrenaren harira, Denis Itxaso jaunak Donostiako Udalak antolatu zuen aitortza ekitaldian parte hartu zuen, baita Mikelen senideei laguntza eskaini ere. Hor dauka ordezkariordeak laguntzeko aukera: Gomez Nieto kapitainari zer gertatu zen galdetu, esandakoa sinatuarazi, eta, hortik tiraka, egia, aitortza, justizia eta erreparazioaren bidean ibiltzen hasi.