Zaratistain
Nola deskribatuko zenukete Donostia hitz bakar batekin? Zerk desberdintzen gaitu inguruko beste hiriengatik? Bizitza ia osoan zehar Donostiako hainbat auzo bizi ondoren, nik behintzat argi daukat: urtarrilaren 20 batetik hurrengora, sarriegi errepikatzen diren entseguen, espazio publikoa okupatzen duten tabernen, erdiguneraino sartzen diren autoen, hondartzaraino luzatzen diren trenbideen, amaierarik ez duten obren, migratzaile pobretuen ehizan doazen polizia kotxeen eta zerura begira dabiltzan turista (ar)taldeen zarata da donostiar egiten gaituena.
Hasteko, egin dezagun bidaia duela hamarkada bateko Donostiara, Kultur Hiriburutzaren promesak puztutako hirira, zeinetan hotelak eraikitzen hasi ziren hiri eder honen ondare kulturalaz gozatzera etorriko ziren turistak jaso ahal izateko. Hotel horietako bat Morlansko Zenit hotela da, tokia ez zegoen tokian eraikia, Antiguara doan bidetik gertu, eta Antonio Maria Labaien kaleko etxebizitzetatik are gertuago. Pentsatuko duzuenez, ez zuen oso erosoa izan behar zure leihotik bi metro eskasera hotel bat eraikitzen ikustea (eta, batez ere, entzutea); baina aizue, besteon zapatetan jartzen ere ikasi beharra dugu, eta turisten ikuspuntutik, balkoning-aren ondorioak arintzeko neurri gisa ez dago hain gaizki pentsatuta.
Handik urte batzuetara COVID-19aren pandemia etorri zen, eta horrekin batera, konfinamendua eta lan esentzial guztien berehalako etetea. Ordea, turistak Easo plazatik Kontxako hondartzaraino gerturatzea hil ala biziko kontua denez, metroaren obrak ez ziren egun bakar batez ere gelditu. Etxetik lan egitera behartuta geundenok bagenuen, beraz, lasai eta eroso lan egiteko moduko soinu banda. Hala ere, etxetik ezin ateratzeak gauza on bat ere ekarri zuen: udaleko zarataren ordenantza irakurtzeko astia. Eta zer dio, bada, udaleko zarataren ordenantzak obra publikoen inguruan? Bada, udala bera salbuetsita dagoela ordenantza betetzeaz. Hau da, hiritarrak babesteko idatzitako lege batean, udalak lege hori betetzeko ardura esplizituki saihesten du.
Honek galdera batzuk sortzen dizkit: zergatik mantentzen da salbuespen hori? Zein da salbuespen horretatik hiritarrok jasotzen dugun onura? Salbuespena egonda ere, zentzuzkoa al da hainbat urteetan zehar astelehenetik ostiralera 07:00tatik 23:00tarako lan ordutegia mantentzea? Zergatik ez da behar bezala informatzen obra hauen epeez eta kostuez, leku askotan panel baten bidez egiten den moduan? Obren inguruetan dezibelioak neurtzeaz gain, neurtu al da zarata etengabe hauek langileen, bizilagunen, zein bertako ikastetxeko ikasle eta langileen osasun fisiko eta mentalean duten eragina?
Galdera hauek airean utzita, ni banoa leku lasaiago batera, abisatu hiria deseraikitzen amaitzean eta akaso itzuliko naiz ondare kulturalen baten gainean eraikitako hotel batean lo lasai hartzera.