Zauriak eta jolasak
Euskara zauritzen ari ginela leporatu zigun behin lagun helduxeago batek. Bai, zauritu esan zuen. Gure hitz-joko, nahasketa eta mailegu txolinek kalte egiten omen zioten hizkuntzari. Jolas egin nahi genuen, hitzak asmatu, esanahiak aldrebestu, atzizkiak nolanahi gehitu. Beharbada, oker ari ginen, ikasitakoari heldu behar genion edo hizketan eta zenbait testuingurutan falta zitzaigun kolorea bestela bilatu. Nerabe ginen nerabe. Urteak pasatuta, eta jolas horiek sekula utzi gabe, ohartu gara zer gabezia ditugun askok erregistro formalaz besteko jardunetan: kosta egiten zaigu, erdaretara eta kalkoetara jo gabe, jario txukuna izatea. Hitzen falta dugu, esamoldeena, eta, ezagututa ere, ezin asmatu behar bezala josten. Eta, bereziki, pedante agertzeko beldurra. Tokian tokiko hizkerekin egoten da lotuta, gehienetan, adierazpide informalago hori. Asko esatea da, agian, donostiarrok ez dugula berezko hizkerarik, baina nabarmena da, bereziki gazteen artean, euskaraz ari garela estandarrera eta formalera egiteko joera. Bestelako hizkeren transmisioak huts egin du? Euskara bereziki eskoletan ikasten den garai hauetan, gutxiegi erreparatu zaie erregistro jakin batzuei? Erreferenteak falta dira gazteei gehien eragiten dieten esparruetan? Baietz esango nuke. Eta, nork beretik eta elkarrekin, hori guztia konpondu bitartean, zer? Jolasean jarraituko dugu. Hizkuntza kontzientzia handiagoz agian, tradiziotik gehixeago edanez eta ikusmira zabalduta, baina jolasean azken batean. Behar dugulako eta nahi dugulako.