Zer egin?
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Haserre nago, Mariano Rajoy ez da horren errudun gainera. Igande goizean Anoetara joan nintzen hiru ordu soilik lo eginda. Ez joatea pentsatu nuen, baina joan behar nuela zioen nire barrenak. Ni baino realzaleagorik ez baitago, ni bezalako realzaleak asko, baino realzaleagorik ez. 4 urte nituela gurasoak realeko bazkide egin ninduten, eta igandero joaten nintzen Atotxara aita eta aitonarekin. Oroitzen dut Espainiako Polizia Nazionalak behin baino gehiagotan kendu ziola ardo-zatoa aitari. Oroitzen dut Oceanok sartu zuela azken gola Atotxan. Oroitzen dut Realak zuen kasta eta 21 derby jarraian ez zituela galdu Realak.Oroitzen dut Anoetan agur esan niola aitari, eta bere ondotik alde egin nuela Mujika Taldea dagoen tokira joateko. 10 urte geroago 20-21 atetik sartzen jarraitzen dut eta eztarria urratzen dut ia astebururo. Oroitzen dut Lyonera eta Turinera joan nintzela Reala Champions Leaguen ikusteko. Mila gauza oroitzen ditut. Baina igandeko sentsazioa ez dut inoiz bizi izan. Bigarren Mailara jaitsi zenean ere ez nuen igandekoa sentitu. Lotsa. Lotsa ematen zidan Realzale izatea. Haserre iritsi nintzen etxera. Okerrena da ez dela igandeko partida bakarrik izan, bolada txarrean murgilduta dago taldea. Dimisioak eskatzen hasiko banintz ez zen langile bakarra ere libratuko. 22 urte daramatzat Realeko bazkide izaten. Eta atzo lehenengo aldiz nire bizitzan pentsatu nuen bazkide izateari uztea. Zer egin? Alde batetik ezetz pentsatzen dut, bolada txarra dela besterik ez. Gogoa jarriko dutela laster, eta gorantz egingo duela taldeak. Baina beste alde batetik baietz esaten dit barrenak. Ez zait batere gustatzen nitaz barre egitea. Abendua arte pagatuta dut kuota. Epe hori ematen dizut Reala. Abenduan gazuzak aldatu ezean, pena handiz botako dut txartela zakarrontzira. Baina ez naiz zuekin identifikatua sentitzen. Zuen eskuetan dago.