Zergatik batu mobilizaziora?
Enpresari handi eta agintarien erasoaldia salatzeko asmoz kaleak hartzeko eguna izango da urtarrilaren 28a. Gazte langileok bizi dugun testuingurua gero eta latzagoa bilakatzen ari da enpresari eta agintarien erasoaldiaren ondorioz. Gazteon soldatak gero eta baxuagoak dira, enpresarien etekinak soldatak baino zazpi aldiz gehiago igo diren bitartean.
Elikagaiak %15,4 garestitu dira urte betean, gazteen %45,5ak 1.000€ baino gutxiago kobratzen duen bitartean. Alokairua %41 garestitu da, politikari profesionalek okupazioaren aurkako legea adostu duten bitartean. 21.888 etxegabetze eman dira 2022an, gobernuak iruzur hutsa diren diru-laguntzekin aurpegia zuritzen duen bitartean. Donostian ondo ezagutzen dugu kalitatezko etxebizitza bat lortzeko zailtasunen dimentsioa: diru laguntzen mugak, itxaron zerrenda luzeak… eta hori gutxi balitz, 2022an gutxienez 3.000 etxe huts daude hirian bertan. Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera eskatzen duten %75ak ez du ezer jasotzen, inflazioaren tasa altuenak bizitzen ari garen bitartean.
Hitz politez ahoa betetzen zaien bitartean, politikari profesionalak enpresari eta agintarien mesedeetan inoiz hartu diren politika antiproletarioenak ezartzen ari dira: okupazioaren aurkako legea, Segurtasun Nazionalaren legea, kode penalaren gogortzea, inoizko aurrekontu militar altuenak… Ezartzen dituzten politika guztiak, langile klasearen egoera hobetzetik urrun, enpresari eta bankari handiek haien liberatuak, hauteskunde kanpainak eta abar finantzatzeko jasotzen duten diruak guztiz baldintzatzen ditu.
Etxe ondoan bertan islatzen zaigu errealitate hau: baten bati harritu al dio Donostiako ostalaritzan esplotazio kate batek tokia aurkitu izana? Lanaldi partzialak, soldata baxuak, lan egutegi negargarriak… eguneroko ogi dira. Eta hau ez da kasu bakarra, udal azpiegituretako hainbat garbitzaileen lan baldintzak are eta gehiago okertu dira 2022an, azpikontratatutako FCC enpresaren irabaziak azarora arte %15,4 handitu diren bitartean. Entzutetsua izan den kasua da ere Azora Funts Putrearena. Donostiako eta Bilboko autobus geltokiak bere egin dituen bitartean, aste honetan bertan etxe kaleratze bat burutuko baitu. Eta hala beste mila adibiderekin jarraitu dezakegu.
Bide honetan miseriara kondenatuta gaude. Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa dugu hauen influentziatik kanpo antolatzea, mobilizatzea eta gero eta jende gehiagoren parte hartze politikoa bultzatzea erasoaldiari aurre egiteko. Horregatik borrokara batzeko deia luzatu nahi dugu.
Donostiatik autobusak antolatu ditugu Bilbon 18:00etan hasiko den manifestaziora joateko. Anoeta futbol zelaitik abiatuko dira, 16:00etan. Tiketak eskuratzeko jarri harremanetan militanteekin edo sare sozialen bidez.
Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! U28 BILBORA!