Zergatik ordaindu behar dugu ospitalera joateko?
Osakidetza jopuntuan dabil azkenaldian, eta ez da meriturik egin ez duelako. Donostian ikusten ari gara osasungintzaren dekadentzia orokorraren seinaleak. Intxaurrondon bertako anbulatorioaren egoera kezkagarria eta irisgarritasun falta salatu dute, Amaran Etengabeko Arreta Gunea (EAG) ixteko saiakera egin zuten eta Egian pediatra gabe daramate, asteak joan asteak etorri. Seinaleak dira, osasungintzaren kalitate eta zerbitzuak kaskartzen ari diren arrastoak.
Donostiako ospitalean ere, egoera ez da hobea. Duela aste batzuetatik, aparkaleku nagusia nabarmen murriztu da, bertan Osakidetzak egingo duen osasun unitate berriaren eraikuntza dela eta. Alternatibarik ez zaie eman, ordea, probintzia osotik edota hiriko hainbat lekutatik ospitalera etorri behar dutenei. Nahi ala ez, egun, autoa eta aparkaleku hura ezinbestekoak dira ospitalera joateko eta irisgarritasun azkar bat bermatzeko. Donostiarrontzat, agian, autobus zerbitzu egokia egon badago, baina ez dezagun ahaztu herrialde mailako osasun zentroa dugula hirian.
«Osakidetzak eta udalak badute zeresana, nahi dutenerako aise jartzen baitituzte doako zerbitzuak»
Erpin asko ditu osasunaren auziak, baina bada bat guztiz barneratu eta asumitu duguna: zergatik ordaindu behar dugu ospitalera joateko? Zergatik ordaindu behar dugu ospitaleko aparkalekua? Zergatik ospitalera garamatzan autobusa? Inor ez doa bere gozamenerako hara. Doako irisgarritasun falta negozio gosearekin soilik esplikatu daiteke. Bestela, zergatik ditugu Garbera edo Urbilen gisako merkataritza guneetako parkingak doan? Edota, duela gutxi arte Illunbetik Erdialdera zihoan turistentzako doako autobus zerbitzua?
Gizartean gauza bidegabe asko daude, baina osasun arrazoiak tarteko dirua ateratzea dagoenetatik okerrena izango da. Osakidetzak eta udalak badute zeresana, nahi dutenerako aise jartzen baitituzte doako zerbitzuak. Osasun sistema unibertsal batek doakoa eta kalitatezkoa duen zerbitzu bat behar du izan, eta irisgarritasuna da horretarako giltzarrietako bat. Osasungintzarekin negozio gutxiago, eta kalitatezko zerbitzu gehiago.