Zertarako eta zergatik "jarri balioan" parkea?
Hasi aurretik, beste behin ere Aranzadi Zientzia elkarteari diogun errespetua azpimarratu nahi nuke.
Ez da lehenengo aldia Aranzadik (honen zuzendaritzak) Uliako Mintegien parkea begiz jota duela salatzen dugula. Baina berriki, pauso bat aurrerago joan dira. Parkeko eragile eta erabiltzaileekin inolako hartu-emanik izan gabe, diru-laguntza bat eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Ondare sailari, Uliako Mintegien parkea eta, konkretuki, ur-biltegiak «balioan jartzeko» proiektu bat «idazteko». 148.000 euroko aurrekontuaz baliatuko dira «ikerketa» egiteko bi urte luzez.
Uliako Lore-Baratzak proiektuko kideok izugarrizko ipurdikoa hartu dugu berriro ere, ezin sinetsi gabiltza nola ustez herritarron aldeko erakunde honek bizkarra eman digun bertako komunitateari.
Aranzadik oso datu eta argi gutxi eman badigu ere, gure kabuz iritsi gara hainbat ondoriotara. Nagusia da gardentasunik gabeko eta aldebakarreko proiektu honen atzean etorkizuneko asmoak ezkutatzen direla. Funtsean, ohartarazi nahi duguna ondokoa da:
Parkea bizirik eta eder dago, ingurune berdea eta ondasun publikoak zaindu eta hobetzeko konpromisoa duten pertsona askori esker.
Ustezko «balioa emate» eta «irisgarritasuna hobetze» horien atzean dauden bestelako interesak gaitzesten ditugu: ondare publikoa pribatizatzea edo ondare hori «zerbitzu» bihurtzeko asmoa izatea, auzoak turistizatzea, errentagarri egitea, eta abar.
Parkeko erabiltzaileok ez dugu txosten hau eskatu, eta auzoak ez du horren beharrik.
Parkean kokaturiko ur-biltegiak Donostiako herritarren zati handi batek ezagutzen ditu jada, urteetan Uliako auzo elkarteak egindako lan boluntarioari esker.
Proiektu honekin gaur ezagutzen dugun parkea eraldatzea justifikatu nahi dute, eta egun bizi duen komunitate ekimena kanporatzea.
Gure iritzia osorik jasotzen duen adierazpena plazaratu dugu eta irakurgai duzue gure sare sozial guztietan. Lehenago ere lortu genuen, eta astakeria hau ere gelditzera goaz!
Aranzadi, ez ezazu parkea saldu, lagundu gaitzazu parkea babesten.