Zezenketak pandemiaren ostean?
Animaliek maiz gure erruz duten bizitza ankerrari buruzko ezagutza eta konzientziak nabarmen egin du aurrera azken urteotan: gero eta gehiago dira berauek babesteko lege, dekretu eta abarrak. Jendartean animalien ongizateak gero eta garrantzia handiagoa du, baita eztabaida politikoan ere. Estatu mailan gobernuak urtea amaitu baino lehen du animalien babeserako aurreproiektu legea aurkezteko konpromisoa.
Badugu, alta, eskarmentua, eta badakigu animalien babeserako legeek zezenketak salbuetsi ohi dituztela. Halaxe gertatzen da Euskadiko 6/1993 Legearekin: behiari egin ezin diozun ankerkeria libre da zezen plazan zezenari egitea, gure «ohituren» defentsak horrelako zentzugabekeria eskatzen duelako. Horregatik, animaliak «sufriarazi ezin diren» eta «sufriaraztea zilegi den» multzoetan sailkatuko dira berriz.
Jendartearen kultur ohiturak ohi dira tamainako inkoherentzia zuritzeko aitzakia, baina logika horrek herritargoaren iritzia ezagutzea eskatuko luke, eta ez du ematen politikariak herritarron iritziari men egiteko prest ditugunik: ezaguna da Donostian udalak egin ohi duen hiritarren pertzeptzioari buruzko inkestan donostiarron %70etik gorakoa izan dela zezenketen aurkako jarrera, aldekoa, berriz, %18a.
Estatuak, zezenketak «kultur ondare» izendatuz geroztik, ez omen du berauen debekua onartzen, eta horretan gordetzen dira politikari asko, eztabaida amaitutzat emateko. Ezaguna da Donostian hamar mila lagunek sinatu zutela zezenketen gaineko galdeketa egitearen alde, baina Udal Gobernuak ez du udal autonomia defendatzeko borondate nahikoa agertu, men egitea baino. Ardura goi mailako botereari egotzi, eta kitto. Madrilek ez du uzten. Baina, herritarren gehiengo zabala zezenketen aurka baldin badago, eta instalazioak publikoak baldin badira (Illunbe), zergatik ez herritarrei galdetu zein erabilera eman beharko litzaiokeen aipatutako azpiegiturari? Gure hautua garbia da: Illunbe kirol eta kultur jardueretarako gordetzea eta zezenketekin behingoz amaitzea.
Aurten ere ez dugu zezenketarik izango pandemiagatik, baina zer gertatuko da datorren urtean? Jarraituko al dugu jaietan animalia gaixo batzuk hil arte sarraskitzen? Noiz iritsiko zaie zentzua eta ausardia gure agintariei? Honen amaiera gertu dago, eta guztion laguntzaz atzean utziko dugu, betirako.