Zuri, Leslie
Stone Butch Blues liburuak ondo baino hobeto irudikatzen ditu 70eko hamarkadaren bueltan ibili ziren lesbianak, haien arteko harremanak eta begirada heteronormatiboaren hormak eta biolentziak. Lesbianak baino, bollerak dira Leslie Feinberg idazlearen pertsonaiak; izan ere, sindikalismoan eta mobilizazioetan parte hartzen duten horietakoak dira, eta bakearen aldeko borroka baino, gudaren aldekoa da haiena.
Aspertu arte egongo nintzateke, gaurko egunean —Lesbianen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna—, zendu zen idazleari galderak egiten. Gaurkoa egun berezia da, Leslie, eta zu omentzen zaitut idatzi honen bitartez, zuri esker, Stonewalleko matxinadaren garaiko kolektiboko kideen bizipenak gertuagotik ezagutu eta sentitu ahal izan ditudalako, eta horrela, bolleron harremantzeko modua eta gure kodeen jatorria hobeto ulertu ahal izan ditudalako.
Urruti ditut faxistak eta homofoboak. Donostian ere ibiliko dira, jakina, baina ez ditut ikusten. Horrenbesteko indarra eta presentzia hartu du kolektiboak, lumaz bete dugula hiria.
Ametsetan nagoela eta pentsamenduak libre doazela, pertsonaien hiria, Buffalo, gurea bihurtu dut eta protagonistak nire lagunak eta ni neu gara. Antzeko irudikatzen ditut denak, eta liburuan nabarmentzen diren zaintzak gorputzaren zimur bakoitzean sentitzen ditut. Nire lagunekin antzeko ibiltzen naiz Donostiako auzoetatik: builaka, besarkatuta eta eskutik helduta. Normari desafioa egitea plazer hutsa baita.
Lesbianismoa eta feminismoa elkartzen direnean, bizitzak zentzua du niretzat, eta harrotasunez paseatzen dut Kantauri itsasertzeko hiri honetan nire sexualitatea. Harrotasunez eta plazerez, indarrez eta lotsagabekeriaz. Gainera, urruti ditut faxistak eta homofoboak. Donostian ere ibiliko dira, jakina, baina ez ditut ikusten. Horrenbesteko indarra eta presentzia hartu du kolektiboak, lumaz bete dugula hiria. Bakeari guda. Gure borrokak jarrai dezala.