Arrain hilak baino gehiago
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Ustelkeria nahiko dagoeneko munduan. Bi egun eskasetan honela geratu da Papandreuren aforismo izan nahi zuena: “Demokrazia merkatuen jateko gogoen azpitik dago”. Greziar(ren) tragediaren tamaina berekoa da politika eta herritarren hileta finantza kapitalismoan. Egungo gizarte eredua kolapsora doa, eta gainbehera kaotikoa izango du. Krisia deitu zaion maula erraldoi honek etenik ez du, ez bada egiazko alternatiba baten bidean lehen urratsa emanez: demokrazia egiaz zuzenagoa, non ekonomia politikariek kontrolatuko duten, eta politikariak, herritarrek. Testuinguru honetan osasuntsua da hiriko erakundeetatik herritarron parte-hartze politikorako prozesua martxan jarri izana. Parte-hartzea –politikoa kasu honetan– arrai kontzeptu higigarria da eta hamaika definizio izan ditzake. Parte-hartzea da bozkatzea; etxeko balkoian errauskailuaren aurkako oihala eskegitea; hauteskunde kanpainan alderdi bati laguntza ematea; baina baita urteak hutsik daraman eraikineko atea ostikoz zabaltzea ere. Izan Uxotegin, dela Arte Ederretan. Askatasuna errespetatu, baina jabetza pribatuaren gainetik, herri ondasunak zabaldu eta baliabideak bidezko eran banatzea beste aukerarik ez duelako gizarteak. Parte-hartzea da herri-galdeketaren alde sinadura ematea; manifestazioan garrasi egitea; Udalak antolatu batzarrean hitza hartzea; baina baita Barcinari muturrean tartakada jotzea ere. Jakinik esnegain azukretu apur batek, urtean 143.000 euro baino gehiago patrikaratu –erdia baino gehiago gainsarien bidez– eta desjabetzeak –hara non den jabetza pribatua– nahiz baliabide publikoen xahutzea bultzatzen dituena nekez goxatuko duela. Beharrezkoa da partaidetza esklusibisten gainetik, parte-hartzeko espazio eraginkorrak ahalbidetzea. Udala eta herritarren artean informazioa trukatzea eta komunikazio kanal berriak sortzea. Ezagutu ditugun parte-hartze ereduak heteronomoak eta bultzatuak izan dira. Hau da, botere politikoaren jabe zirenek kontsentsua eta babesa antolatzeko erabili izan dituztenak. Egiazko parte-hartzeak gehiago du bat-batekotasunetik eta autonomiatik. Behetik gorakoa da eta botere politikoan eragin zuzena du. Erakundeek parte-hartze ordenatu –eta ez heterodoxo– bat nahi badute, herritarrei egiazko tresnak eskaini beharko dizkiete. Hala nola, auzoetan proiektuen gaineko herri galdeketak egin ahal izateko prozedura adostuak. Eta galderen ondorioak erabakigarri izan daitezela. Baina herritarrok Udalaren ekimenak aurrera eramatean ezinbesteko elementu izan nahi badugu, gero eta eragin handiagoa izan nahi badugu, nahitaezkoa da herri antolaketa. Parte-hartzea behetik gorakoa izan dadin kontzientzia kolektiboak ere bere tresnak izan beharko ditu. Antiguan auzotarrak euren artean biltzeko beharraz jabetu dira. Auzo elkarte baten beharraz mintzo dira. Bejondeiela. Zeren, erraza izaten da dena ustela dagoela ozenki esatea, arrain hilen antzera korronte etengabeak eraman gaitzala uztea.