IRUTXULOKO HITZAko lantaldea 24. Korrikaren berri emateko lanean, auzoz auzo
IRUTXULOKO HITZAko lantaldeak 24. Korrikaren berri emateko egindako ibilbidea Donostian, auzoz auzo. Guztira, 40 kilometrotik gora.Strava 24. Korrika Donostiatik pasatu zen atzo (hilak 25), goiz osoan zehar: 08:00ak aldera sartu zen, Bidebietatik eta 13:30ak aldera atera zen, Añorgatik. Tartean, Altza, Intxaurrondo, Egia, Loiola, Txomiñenea, Martutene, Loiolako Erribera, Amara Berri, Amara, Erdialdea, Gros, Parte Zaharra, Antigua, Ibaeta eta Añorga zeharkatu zituen, milaka lagunen parte hartzearekin, euskararen alde.
IRUTXULOKO HITZAk, ohiko legez, Korrikaren berri eman zuen Donostian, hasieratik bukaerara, zortzi lankidek kalean, Korrikaren atzetik gora eta behera, egindako lanari esker: argazkiak egin, bideoak grabatu, erredakziora itzuli albisteak idatzi, argitaratu eta zabaltzera, kalera bueltatu eta abar. Tartean, Grosen guk ere lekukoa hartuta, noski.
Ordu askoko lan eskerga horren fruitua honakoa da: auzoz auzoko 405 argazki (argitaratutakoak) eta Korrikak Donostian egindako ibilbidearen bideo laburpena, kronika gisara; hemen daukazue guztia. Hori guztia egiten jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zure babesa, eta, Korrikaren bueltan, harpidetza eskaintza berezia dugu: 20 euroren truk, IRUTXULOKO HITZA babestu dezakezu, komunitate honen parte izan zaitezke.
Beste modu batean ere laburtu daiteke egindako lana, Strava aplikazio ezagunean atzoko lanaren ostean egindako erregistroarekin: 40 kilometrotik gora, Donostian barrena, auzoz auzo, Korrikaren berri emateko lanean. Jarraian, bideoan:
