Animatu eta jarri Irutxuloko Hitzaren puntu urdina zure etxeko leiho edo balkoian!
Urte bukaeran egingo den Euskaraldia prestatzeko asmoz, Etxealditik Euskaraldira dinamika abian jarri dute. Egitasmoak bi helburu ditu: batetik, euskararen erabilera sustatzea, eta bestetik, etxekoekin ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea. Ekimena maiatzaren 3an amaituko da.
Herritarren parte-hartzea bultzatzeko, etxeko leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatu zaie. Hori dela eta, joan den ostiralean, IRUTXULOKO HITZAk egitasmoarekin bat egin dugula adierazteko, astekariaren kontrazalean diseinatu genuen puntu urdin handi bat, eta irakurleei aukera eman diegu borobila moztu, eta alerta egoeran egingo den ariketa honetan euren etxeetan jartzeko.
Egun hartatik, asko dira jaso ditugun irudiak. Donostiarron balkoi eta leihoetan IRUTXULOKO HITZAren puntu urdin asko ikusi ditugu aste honetan. Era berean, sareen bitartez ere parte hartu daiteke, @deuskaraldia eta @irutxulokohitza aipatuz edo #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz. Hona hemen jasotako irudi batzuk: