Irutxuloko Hitza

Gertu, gogotsu eta zoriontsu

irutxuloko-hitza-irudi-berria

Beste urte bat amaitzear da, eta beti da ariketa ona joan diren hamabi hilabeteetan gertatutakoari begira jartzea. Hiri bizia da Donostia, eta hamaika txokotan eta hamaika esparrutan eraldaketak bizi izan ditu aurten. Bada aldaketa horiek gustuz hartu dituenik, baita horiek ez gertatzeko borrokan ari den herritarrik ere. Bere aniztasunean, bizirik da hiria. Urtekari honen orriotan laburbildu ditugu urteko albiste eta gertaera esanguratsuenak.

Irutxuloko Hitzak ez du denbora galdu hilabeteotan, eta 2018an abiatutako transformazio txikiak gorpuztu ditu 2019an. Egoitza berria etxe bilakatu dugu, eta herritarrengandik gertuago egotearen abantailez gozatu dugu. Gainera, bizilagunekin harreman estuak landu ditugu, eta zoriontsu egin gaitu komunitate baten parte garela sentitzeak.

Astekariaren formatu berriari neurria hartu diogu, eta maketak, irudiak eta letrak geure egin ditugu. Irakurleen eta harpidedunen iritziak entzuteko tartea ere hartu dugu, haiek gabe, ez dagoelako astekaririk, ez Irutxuloko Hitzarik. Eskaintzeko duguna etengabe hobetzeko lanean jarraitzea da gure bokazioa, eta horretan jarraituko dugu 2020an ere. Izan ere, papereko eskaintzan beste aurrerapauso bat emateko gogotsu ari gara lanean. Udaberria baino lehen iritsiko da lan horren emaitza.

Webgune berria ere gustuz hartu dugu; berritzea, baina, etengabekoa izango da, kazetaritza digitalak hala exijitzen duelako, eta irakurle digitalaren beharretara egokitu behar dugulako.

Irudimenari ere eragin diogu, eta Realak Granadan egindako balentriak inspiratuta, emakumeen lorpena oroitzeko erretilua egin dugu. Historiarako garaipenak ezin direlako oharkabean pasa, eta ospatu egin behar direlako.

Hurrengo urtean guk ere izango dugu zer ospatu: hamabost urte izango dira Irutxuloko Hitza Donostiaren berri ematen dabilela. Ziur gaude elkarrekin ospatzeko aukera izango dugula. Mila esker, beste urte batez, gure proiektua modu batera edo bestera babesten duzuenei; ondo maitatzen gaituzuenei. Zuek zarete Irutxuloko Hitzaren bizkarrezurra. 2020a guretzat 2019a bezain ona izan dadila espero dugu, eta gauza bera opa dizugu zuri ere, irakurle!