Irutxuloko Hitza

IRUTXULOKO HITZAk urtarrilaren 30eko grebarekin bat egin du

GREBA IRUTXULOKO HITZA

Lantaldeak Euskal Herriko Eskubide Sozialen gutunak urtarrilaren 30erako deitu duen grebarekin bat egingo du. Kazetariek bezperan egingo dute greba, hilaren 29an, 30ean grebaren jarraipen informatiboa egin ahal izateko. Komertzialak, marketin arduradunak eta kudeatzaileak 30ean egingo dute geldialdia, eta beraz ez da bezero arreta zerbitzurik egongo.

Beraz, grebak eragina izango du urtarrilaren 29an, webgunean, Irutxulo.hitza.eus-en, kazetariek planto egingo dutelako. Grebaren egunean, 30ean, Donostiako mobilizazioei buruzko informazio emango dute, esan bezala, egun osoko grebaren jarraipena egingo dute eta. Urtarrilaren 31ko astekarian ere egunak emandako informazio eta irudiak argitaratuko dituzte.

Guk ere greba orokorrarekin bat egiteko makina bat arrazoi ditugula uste dugu, eta horregatik egin dugu bat deialdiarekin:

  • Egungo testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoa ikusita, beharrezkoa ikusten dugu lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien alde borrokatzea, prekarietateak beste edozein langileri bezalaxe eragiten digulako.

  • Pentsiodunek bi urte daramatzate kalera ateratzen, eta uste dugu pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; horregatik, langile gisa, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat egiten dugu.

  • Bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugula uste dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko. Eredu horren ardatz nagusiak honakoak dira: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren arabera antolatua egongo dena (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea…), eta abar.

  • IRUTXULOKO HITZAn lan baldintza duinen aldeko apustua egiten dugu, eta lantokian zein lantokitik kanpo langileon bizitza duinak erdigunean jartzen saiatzen gara, lantaldeko pertsonen beharrak kontuan hartuta eta bakoitzak egin behar dituen zaintza lanei garrantzia emanez. Lantaldeko emakumeek emakume izateagatik pairatzen dituzten zapalkuntzez kontziente gara, eta horiek eraldatzeko, praktika feministak izaten saiatzen gara.

  • Grebarekin bat egin duen gehiengo sozial eta sindikalarekin indarrak batzea beharrezkoa ikusten dugu, eta, horregatik, gure hedabidearen izaerari eta balioei jarraituz, beste esparru batzuetan lekurik ez duten protagonista eta gaiei tokia ematen diegu IRUTXULOKO HITZAn. Pentsio, lan baldintza eta bizitza duinen alde kalera ateratzen direnen berri emateko konpromisoa dugu, grebaren egunean, zein gainerakoetan. Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, kazetaritza hutsaletik harago, kazetaritza konprometitua egiten saiatzen garelako.

  • Azken finean, greba hau bat datorrelako IRUTXULOKO HITZAn egin dugun barne prozesuarekin eta gure balioekin.

  • IRUTXULOKO HITZA astekaria ostiralero argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Berria taldeak ematen dizkigu proiektu honen azpiegitura lanak egiteko zerbitzuak, eta horietan emakumezkoak dira gehienak: bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa… Haiek greba egingo dutenez, zerbitzu horiek ez dira eskainiko ostegunean. Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.

    IRUTXULOKO HITZAko langileok ere lan-pentsio-bizitza duinen alde!