Irutxuloko Hitza

IRUTXULOKO HITZAko langileek etxetik egingo dute lan, koronabirusaren aurreko neurri gisa

Neurri hauek bihartik aurrera (martxoak 14), hartuko ditugu, eta egunean eguneko egoera aztertuta joango gara antolaketari buruzko erabakiak hartzen.

(Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Koronabirusaren pandemia eragiten ari den egoeraren aurrean, lan egiteko moduan aldaketak egitea adostu du IRUTXULOKO HITZAko lan taldeak. Covid-19 birusa osasun krisia ez ezik, krisi soziala eta ekonomikoa ere eragiten ari da, eta uste dugu koronabirusaren zabalpena saihesteko ardura pertsonalak eta kolektiboak hartzea ezinbestekoa dela.

Gure lan taldean gaur egun ez dago aparteko zaintza lanik egin behar duen kiderik, baina kontziente gara ingurukoak gaixotzen badira, zaintza lanak gure gain hartu beharko ditugula.

Hori guztia dela eta, IRUTXULOKO HITZAko langileok etxetik lan egiteko erabakia hartu dugu. Horretarako, ditugun baliabide teknologikoak erabiliko ditugu, lana normaltasunez egin ahal izateko Gauzak horrela, gure esku dagoen guztia egingo dugu gure funtzionamendu egokia ahalik eta gehien bermatzeko, eta Donostia den horretan erakusten jarraitzeko:

  • Webguneari dagokionez, koronabirusak hirian duen inpaktuaren inguruko jarraipena egitea da gure asmoa, herritarren bizitzetan eta aktualitate informatiboan izaten ari den eraginaz jakitun. Era berean, pandemiaz gain auzo eta kaleetan gertatzen direnen inguruan informatzen jarraitzeko helburua dugu.

  • Astekariari dagokionez, gaur gaurkoz datorren ostiralean (martxoak 20) astekaria argitaratzekoa asmoa dugu, baina datozen egunetan horren inguruko erabakiak komunikatuko ditugu. Era berean, astekariko edukietan aldaketak egingo ditugu: uste dugu hainbat atal egiteko beharrezkoak diren prozedurek (Hamabietan bermuta eta Kalean gora kalean behera atalak, esaterako), ez dutela bat egiten erakunde arduradunek emandako irizpideekin. Halaber, banatzaileek eskularruekin egingo dute bere lana, eta astekaria banatzeko aukerarik ez badugu, harpidedunek PDFan jasotzeko aukera izango dute.

  • Komertzialak, marketin arduradunak, kudeatzaileak eta diseinatzaileak ere etxetik egingo dute lan.

Neurri hauek bihartik aurrera (martxoak 14), hartuko ditugu, eta egunean eguneko egoera aztertuta joango gara antolaketari buruzko erabakiak hartzen.